Berlingo xake txapelketa bihartik eguaztenera jokatuko da eta bertan nazioarteko xake-maisurik garrantzitsuenak bilduko dira, 2500 puntu baino gehiagokoak. Magnus Carlsen norvegiarra Berlinen izango da, bere arin-arinekoen txapeldun titulua defendatzeko. Carlsenek 2847 puntu ditu partida arinen sailkapenean eta 2914 arin-arinekoan. Era berean, parte hartuko duten jokalarien artean aipatu beharra dago hainbat izen: Alexander Grischuk (Errusia, 2846, 2814), Viswanatahan Anand (India), Vassily Ivanchuk (Ukraina), Leinier Dominguez (Kuba), Levon Aronian (Armenia), Sergey Karjakin (Errusia) edo Shakhriyar Mamedyarov (Azerbaijan). Ponomariovek 2720 eta 2770 puntu ditu, gaur egun.
Xake maisu handia
Getxortutako Ponomarioven arabera, Getxon "oso eroso" sentitzen da, inguruan kirol-eskaintza "handia" dago-eta. Orain dela hiru urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera, Plentziara ezkondu zen, emakume uribekostar bategaz. Gero, Neguri Langilera joan ziren bizitzen. Halere, Euskal Herria 14 urte zituela ezagutu zuen, Iruñera etorri zen, txapelketa batera.
Ukraniarrak maisu handiaren titulua irabazi zuen 14 urte zituela. Inoizkorik gazteena izan zen orduan. Handik aurrera, munduko hainbat txapelketa irabazi du, gainera. Areago: Nazioarteko Xake Federazioaren txapelduna izan zen 2002tik 2004ra. Kexu da Uribe Kostan ez duelako bere mailako sparring-xakelaririk topatzen entrenatzeko.
Bere ustean, "hemen xake-afizio handia dago, baina ez da Ukrainan beste ikasten", eta txapelketetan, umeak "beranduegi" hasten dira. Bera 5 urtegaz ikasi zuen bere aitagaz. 9 zituela utzi zuen Horlivka jaioterria, eta Kramatorsk hirira aldatu zen, xake ikasi eta lehiatzeko. 2003an bera eta familia Kievera mugitu ziren.