Itxartuk eta Getxo Arrauneko beteranoek irabazi dute Bizkaia Kirolak saria

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 9a, 15:50

Getxo Arraun taldeko beteranoak, aurtengo Plentziako banderan. © SUSANA GIL - GETXO ARRAUN ELKARTEA

Bizkaiko Foru Aldundiak izendatu ditu gaur goizean Bizkaia Kirolak sariak eskuratuko dituzten pertsona eta taldeak. Uribe Kostak sari bi lortu ditu: Algortako Itxartu kirol elkarteak kirol taldeen saria jasoko du; Getxo Arraun elkarteak, ordea, Jolas kirolaren arloko pertsona edo erakundearentzako saria eskuratuko du. Itxarturen kasuan, "saria eman zaio egiten dituen jardueren maila altuagatik, kudeaketako kalitateagatik eta kirol emaitzengatik", epaimahaiak zabaldu duenez. Getxo Arraun elkarteko beteranoei, ostera, "saria eman zaio kirol munduan egindako ibilbideagatik". Garaikurrak urriaren 21ean banatuko dituzte, asteazkenean, Bilboko Foru Jauregiko harrera-gelan, 18:00etan.

Bizkaia Kirolak sariek duten helburua da "Bizkaiko pertsona fisiko eta juridikoei berez kirol arloan egin duten lanagatik jendaurrean eskerrona aitortzea", foru iturrien arabera. Bizkaia Kirolak sarien irabazleak aukeratzeko izendatutako epaimahaiak, Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatua buru izan duena, aurtengo irabazleak hautatu ditu. Denera, 31 hautagai aurkeztu ziren sarien zortzi kategorietara, eta honako hauek aukeratu dituzte irabazle:                          

  • Kirol talde edo elkartearentzako saria: Itxartu kirol elkartea.
  • Jolas kirolaren eremuaren arloan (beteranoak) egindako lana dela eta, pertsona edo erakunde bati emandako saria: Getxo Arraun elkartea.
  • Ikastetxearentzako edota Guraso Elkartearentzako saria: Portugaleteko Andra Maria Ikastetxea.
  • Kirol federazioarentzako saria: "ex aequo", Bizkaiko Errugbi Federazioa eta Bizkaiko Boxeo Federazioa.
  • Kirol ibilbidearentzako saria: Sabin Uriarte Bengoa, Bizkaiko Halterofilia Federazioko burua.
  • Desgaitasunen bat duten pertsonek eta pertsona horientzat egindako kirolaren arloko pertsona eta erakundearentzako saria: Aitor Oroza Flores.
  • Toki administrazioko erakundearentzako saria: Ermuko Udala - Mugi.
  • Erakunde edo pertsona babeslearentzako saria. kategoria honetan ez da saririk eman, hautagairik egon ez delako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun