Algortako Iturribarri inguruan aurrera eramango duten urbanizazio-prozesua egiteko prozedurarekiko desadostasuna agertu du Hezetasunako Auzokideen Taldeak. "Udalak ez du inolako ahaleginik egin auzokideak informatzeko, eta ez du inolako espaziorik ireki elkarrizketarako edo gure iritziak eta proposamenak ezagutzeko", salatu dute. Era berean, proiektua "ezkutuan" egitera mugatu direla gaitzetsi dute.
Proiektu horrek, halaber, inguru horretan bizi diren hainbat familiaren kaleratzea ekarriko lukeela azaldu dute, eta ez hori bakarrik, "familia horiek behartuko lituzkete diru kopuru garrantzitsu bat ordaintzera, gunea urbanizatzeko". Familia horiek denak gogoan dituzte Hezetasuna auzokoek: "auzoaren nortasunaren parte garrantzitsu bat osatzen dute". Izan ere, horietako batzuen etxeak auzokideentzako elkargunea izan dira urtez urte, baita auzoko jai-batzordea biltzeko gunea hamarkadetan zehar.
Urbanizazio-prozesu horrek udalerriko azken gune berdeetako bat suntsituko duela ere gogoratu dute, "Algortako azkena". Azaltzen dutenez, "oraingo HAPO-ak hainbat hektareako galera ezartzen duen bitartean, Getxoko espazio libreetan, Udala exekutatze guneetan eraikigarritasuna handitzea mugatzen da, espazio libreen falta orekatu gabe eta Getxok duen galera hori areagotuz".
Era berean, auzoko ortuak nabarmendu dituzte, Getxoko "biriki berdea" izateaz gain, hirugarren adineko jendearentzat "garrantzi handiko" espazioak ere badirelako.
Hori dena kontuan hartuta, Hezetasuna auzoko bizilagunek inguru horretan etxebizitza duten familiei euren etxebizitzak ez desjabetzea eskatzen dute. Era berean, urbanizazioa burutzeko lanak "auzokideen hitza kontutan hartu barik" hasi direla salatu eta horiek "berehala bertan behera geratzea" aldarrikatzen dute. Azkenik, auzokideen eta Udalaren arteko negoziazio-mahaia sortzea beharrezkoa dela ikusten dute.
Urbanizazio-prozesua
Udalak jakinarazi duenez, inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko hainbat eraikiko dituzte. Ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera, BOEen kopurua 147 eta 273 bitartean izan daiteke. Eraikinek lau solairuko altuera izango dute, eta eraikinen arteko gutxieneko tartea 8 metrokoa izango da.
Gehienezko eraikigarritasuna HAPOk ezarritakoa izango da: 37.597 metro koadro etxebizitza libreentzat, 14.732 metro koadro babes ofizialekoentzat eta 3.500 metro koadro ekipamenduentzat. Getxoko Udalak gogorarazi duenez, Birpartzelazio Proiektuaren Berritutako Testua 2013ko azaroaren 19an onartu zen, eta 2014ko irailaren 11n horren formalizazioa onartu zuten.
Birpartzelazio prozesu horretan, Exekuzio Unitateak hartzen dituen babes ofizialeko etxebizitza denak hartu ditu Udalak, "horrela aurreikusi zen Etxebizitza Planean", zehaztu dute.