Luzapena amaituta, laster hasiko dira Iturribarri urbanizatzeko lanak

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 14a, 16:03
Atzo goizean egindako elkarretaratzea. © Hezetasunako Auzokideen Taldea.

Agortu da BYCAM enpresa-sustatzaileak emandako denbora Iturribarriko ortu-zaleek euren gauzak lur horietatik kentzeko. Irailaren 25ean makina hondeatzaileak sartzekotan zeuden arren, auzokideen eskakizunari erantzunez, denbora urriaren 13ra arte luzatu zuten. Eguna heldu zen atzo, eta Hezetasuna auzoko herritarrak zain egon ziren goizean daborduko enpresak langileentzat jarritako etxolen ondoan, Fadurako biribilgunetik gertu. Iturribarrin etxebizitzak eraikitzearen kontrakoek azaltzen dutenez, goiz osoa eman zuten bertan makina hondeatzaileen zain, baina ez ziren inondik ere agertu; hala ere, obrak martxan direla salatu dute, nahiz eta "soilik behargin batzuk" agertu ziren "hainbat egur toki batetik bestera mugitzera".

Algortako Iturribarri inguruan aurrera eramango duten urbanizazio-prozesua egiteko prozedurarekiko desadostasuna agertu du Hezetasunako Auzokideen Taldeak. "Udalak ez du inolako ahaleginik egin auzokideak informatzeko, eta ez du inolako espaziorik ireki elkarrizketarako edo gure iritziak eta proposamenak ezagutzeko", salatu dute. Era berean, proiektua "ezkutuan" egitera mugatu direla gaitzetsi dute.

Proiektu horrek, halaber, inguru horretan bizi diren hainbat familiaren kaleratzea ekarriko lukeela azaldu dute, eta ez hori bakarrik, "familia horiek behartuko lituzkete diru kopuru garrantzitsu bat ordaintzera, gunea urbanizatzeko". Familia horiek denak gogoan dituzte Hezetasuna auzokoek: "auzoaren nortasunaren parte garrantzitsu bat osatzen dute". Izan ere, horietako batzuen etxeak auzokideentzako elkargunea izan dira urtez urte, baita auzoko jai-batzordea biltzeko gunea hamarkadetan zehar.

Urbanizazio-prozesu horrek udalerriko azken gune berdeetako bat suntsituko duela ere gogoratu dute, "Algortako azkena". Azaltzen dutenez, "oraingo HAPO-ak hainbat hektareako galera ezartzen duen bitartean, Getxoko espazio libreetan, Udala exekutatze guneetan eraikigarritasuna handitzea mugatzen da, espazio libreen falta orekatu gabe eta Getxok duen galera hori areagotuz".

Era berean, auzoko ortuak nabarmendu dituzte, Getxoko "biriki berdea" izateaz gain, hirugarren adineko jendearentzat "garrantzi handiko" espazioak ere badirelako.

Hori dena kontuan hartuta, Hezetasuna auzoko bizilagunek inguru horretan etxebizitza duten familiei euren etxebizitzak ez desjabetzea eskatzen dute. Era berean, urbanizazioa burutzeko lanak "auzokideen hitza kontutan hartu barik" hasi direla salatu eta horiek "berehala bertan behera geratzea" aldarrikatzen dute. Azkenik, auzokideen eta Udalaren arteko negoziazio-mahaia sortzea beharrezkoa dela ikusten dute.

Urbanizazio-prozesua

Udalak jakinarazi duenez, inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko hainbat eraikiko dituzte. Ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera, BOEen kopurua 147 eta 273 bitartean izan daiteke. Eraikinek lau solairuko altuera izango dute, eta eraikinen arteko gutxieneko tartea 8 metrokoa izango da.

Gehienezko eraikigarritasuna HAPOk ezarritakoa izango da: 37.597 metro koadro etxebizitza libreentzat, 14.732 metro koadro babes ofizialekoentzat eta 3.500 metro koadro ekipamenduentzat. Getxoko Udalak gogorarazi duenez, Birpartzelazio Proiektuaren Berritutako Testua 2013ko azaroaren 19an onartu zen, eta 2014ko irailaren 11n horren formalizazioa onartu zuten.

Birpartzelazio prozesu horretan, Exekuzio Unitateak hartzen dituen babes ofizialeko etxebizitza denak hartu ditu Udalak, "horrela aurreikusi zen Etxebizitza Planean", zehaztu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun