Begoñako galeriak birgaitzeko proiektuari lotuta, partaidetza-prozesu bat egiten dabiltza, horren barruan dago ekitaldia. Ander de la Fuente Eraikitako Ondarearen EHUKo Ikerketa Taldeko arkitektoak azaldu duenez, ekimen horregaz "ekintzak egin ahalko dira kidetasun-sentimendua baliabide bihurtzeko".
Herritarren partaidetzarako ekitaldia galerietako ekitaldi-aretoan egingo dute, 18:30ean, eta ordu bi iraungo du. Lehenengo zatian, ondarea eta haren aukerak zaintzeak zer garrantzia duen azalduko dute, ondarea baliabide sozio-ekonomiko bihurtzeko bidean. Begoñako galeriak balioan jartzeko proiektuak zer helburu dituen ere jakinaraziko dute. Bigarren zatian, ekitaldira joaten direnek elkarlanean jardungo dute antolatzaileakaz, galerien arteko lotuneak aintzat hartu eta ekarpenak egiteko. Jasotako informazio denagaz oinarri bat osatuko dute; ondoren, EHUko ikertzaileek mapa bat egingo dute proiektu horren jarduketa-eremua eta eremu hori zabaltzeko mugak zehazteko.
Galerietako espazioaren ezaugarriak direla-eta, Udalak adierazi du ekitaldia mugatuta egongo dela: 55 lagunentzat bakarrik; hala, interesatuek aldez aurretik izena eman beharko dute Getxoko Udalaren webgunean.