Getxoko Txorimalo gaztetxeko ateak apurtu eta margoketak egin dituzte ezezagunek

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 22a, 16:35
Atzo agertutako margoketak Txorimalo gaztetxean.

Ezezagunek Getxoko Txorimalo gaztetxeko ate denak apurtu eta hormetan irudiak margotu dituzte. Maiatzak aldera ere itxura berdineko irudiak agertu ziren gune autogestionatuan.

Urteetan hainbat eraso

Urte hauetan guztietan hainbat eraso jasan ditu Txorimalo gaztetxeak. 2008ko azken egunetan pintaketa faxista egin zuten ezezagunek. Gutxienez, urte horretan, birritan jasan zituen mota horretako erasoak gazte zentro sozial autogestionatuak. Uztaila bukaeran, gaztetxetik gertu, Aixerrotako zelaietan ospatzen den Nazioarteko Paella Lehiaketa baino egun batzuk lehen, "Viva España" eta "18 de Julio" leloak margotu zituzten Lurralde Zati Planaren kontrako horma irudiaren gainean. Hain zuzen ere, 1936ko uztailaren 18an gertatu zen, Espainian eta Euskal Herrian, faxisten Altxamendu Nazionala. 2008ko otsailaren 20an ere ezezagunak Txorimalora sartu ziren eta areto batean esbastika bat margotu zuten.

Aipatu azken egun horretan, pintada faxistaz gain, lapurreta egin zuten ezezagunek. Algortako Gazte Asanbladak orduan zabaldu zuenez, lapurrek "sukaldeko leihotik sartu eta bertan zeuden bideo kamera, dvd eta bi motxila" desagerrarazi egin zituzten. Gainera, ez zen lehenengo aldia gaztetxean hainbat objektu desagertzen zuenik. Izan ere, 2007ko uztailaren 24ko gauean (Paella Eguna hilaren 22an ospatu zen) atea bortxatu, dena hankaz gora jarri eta diru kopuru txiki bat eta zenbait lanabes eraman zuten hainbat ezezagunek. Dagoeneko, garai horretan, bestelako susmoak ere agertu zituzten gazteek: "auskalo zein izan den ebasle hauen intentzioa". 2006ko abenduaren 4an, berriz, gaztetxeari begira zegoen bideo zaintza kamera bat topatu zuten Txorimalokoek. Kamera auto baten barruan ezkutatuta zegoen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun