Tenislari getxoztarrak baliatu zuen etxean jokatzeak ekarri zion abantaila eta 6-2 eta 6-0 irabazi zion Ines Benitori, aste osoko jarduna biribilduz. Aristeguik onartu zuenez, "hunkituta nago oso. Markagailuak islatu ez arren, partida oso gogorra izan da eta kontzentrazio handia behar izan dut. Orain, azken fasean oso ondo jokatzea tokatuko zait eta garaipena lortzerik badut, hobeto". Izan ere, Aristeguik fase horretarako sailkapena irabazi zuen domekan, Ernesto Sanz madrildarrak legez. Partidak 2016ko maiatzaren 5etik 8ra jokatuko dira Madrilgo Caja Magica kirol gunean. Bertan, tenis izarrak ezagutzeko esperantza dauka Jolasetakoak, batez ere, Garbiñe Muguruza: "ahalegin- eta sakrifizio-adibidea da".
Aristegui ez da jokalari getxoztar bakarra Madrilgo Mutua sariketan. Besteak beste, Lucia de la Puertak lortu zuen garaipena Santanderren. Bera ere sailkatu da azken faserako.