Alerta laranja deitu dute olatuen altueragatik

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 27a, 16:00

2009ko urtarrilaren 24an, goizaldean, zikloi batek jo zuen euskal kostaldea, besteak beste, Areetan kalte ugari eraginez.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu ondoren, Getxoko Udalak krisi mahaia deitu du itsas bazterreko eta olatuen altueragatik. Alerta, gaur, martitzena, 18:00etara arte egongo da indarrean. Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharrerako bideak itxita egongo dira itsasgoraren (16:16) ordu bat lehenagotik, ordu bat beranduagora arte. Hortaz, bidea 15:15etik 17:15era itxita egongo da. Ibilgailuentzako igarobidea Olatik Portu Zaharrerantz itxi dute, eta, era berean, oinezkoentzat itxita egongo dira Portu Zaharra, Kirol Portua, Ereaga eta Arriluzeko kairako aldeak.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak denboralea denean herritarrei egiten dizkien gomendioak, ondorio txarrak saihesteko eta ahal beste murrizteko, honako hauek dira: kostaldeko arriskuko uneetan agintaritza eskudunek emandako jarraibideak eta aholkuak bete behar dira; hondartzetatik eta olatuen eragina jasan dezaketen bestelako guneetatik ere aldendu; ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez egin inola ere uretako kirolik; ez sartu itsasora ezertarako; urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak) eta ez joan itsas-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara. Itsasoak eroan egin zaitzake.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun