Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aipatu zuenez, hilerriak dituen beharrak diagnostikatuta daude, eta gehienak begi bistakoak dira. Argitu zuenez, "egin beharreko esku hartzeak konplexuak dira, esku hartze gehienek egikaritze-proiektu teknikoa eta zenbatekoaren aurretiko kalkulua behar dute. Horren ondorioz, atzeratu behar izan dira eta soilik konponketa txikiak egin dira. Artean, itxaron egin beharko da denak batera egiteko edo zenbait ekitalditan gauzatzeko plan baten barruan egiteko.
Ildo horretatik aipatu zituen kaperaren eta deposituaren zaharberritzea, materiala gordetzeko biltegi bat eraikitzea, bainugela bat ipintzea, barruko kale batzuen berrurbanizatzea, horma-hilobi multzo batzuen konponketa edo hezetasunak kentzea.
GUK hautesle-elkartea mozioaren alde agertu zen, uste baitu "kanposantuaren utzikeria begi-bistakoa dela eta instalazio hauek bat etorri behar dutela bizi ditugun garaiakaz, edozein eratako erritu eta zerbitzuak hartzeko. Horrez gainera, kanposantua zaharberritzeak enplegua sortzea ekarriko luke". EH Bildu, bestalde, abstenitu egin zen, besteak beste, aipatu kreditu hori aurrekontuetan jaso beharko litzatekeelako eta "ez zeharkako zuzenketa batean". Ciudadanos alderdiak, PPk bere mozioan Domu Santu Egunaren gertutasuna aipatu izanari buruz hitz egin zuen, "egun horretarako proposamena berandu zetorrela" esanez.
Garbiketa eta zabor-bilketaren zerbitzuari buruzko informazioa webgunean
Udalbatzan ere, kaleen garbiketa eta zabor-bilketa zerbitzuen inguruko informazio zehatza udal webgunean argitaratuko zuela agindu zuen, zerbitzuen maiztasunen eta lanaldien berri kalez kale azalduz. Halaxe jasotzen zuen mozioak, hau ere EAJk PPk aurkeztutakoari zeharkako zuzenketa eginda. Aipatutako zerbitzuei buruzko informazio prozesua hastea eskatzen zen bertan eta proposamena ontzat eman zuen PPk.
Beste mozio batzuk
Halaber, PPren mozio bat onartu zuten 2015eko Gabonetan bost ekimen bultzatzeko. Horien helburua bertoko merkataritza suspertu eta auzotarrei erosketak egiten laguntzea izan gura du. PPk ere aurkeztu eta EAJk egindako zeharkako zuzenketagaz beste bat onetsi zuten, HAPO-gaz bat ez datozen eraikinentzat onar daitezkeen jarduketak zehazten dituen jarraibidea aplikatzeko. Horregaz, eraikin-ondarea "bizigarritasun eta osasungarritasun-baldintza duinetan zaindu eta mantentzea" gura dute; eraikuntzen eskakizunak betez, irisgarritasun, dimentsio, sute eta abarrei dagokienez.
Azkenik, Ciudadanosek aurkeztutako bi mozioetatik bat onartzea lortu zuen: telefono mugikorreko aplikazio bat sortzea, hiritarrek udal aginpideei udalerriko hiri ekipamendu publikoetan dauden gorabeheren berri emateko.