Robles, Zaldibar eta Estebanegaz batera, beste lau kide kondenatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, sei urteko espetxera. Segi gazte-erakundearen eta 28 gazteren aurkako auzian zigortu zituzten zazpiak, eta kalez jantzitako poliziek Xabat Moran, Bergoi Madernaz, Marina Sagastizabal eta Ainhoa Villaverde atxilotu zituzten maiatzaren 6an. Esteban, Zaldibar eta Roblesek, aldiz, ihes egitea lortu zuten, desobedientzia dinamika bati hasiera emanez. Ezkutuan egon ostean, maiatzaren 18an atzeman zituzten, Gasteizko herri harresiaren babesean.
Sagastizabalek izan ezik, gainerako seiek urte eta erdi inguru egin zuten preso lehen aldiz atxilotu zituztenean; 2010eko urriaren 22an, urte hartako abenduaren 16an eta 2011ko otsail-martxoan atzeman zituzten auzi horretako 28 gazteak.
Azaroaren 4an, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenak Robles, Sagastizabal, Madernaz, Zaldibar eta Moran aske uzteko agindu zuen. Hala ere, aske utzi dituzten arren, orotara bi urte inguru egin dute preso gehienek. Ez dago argi zer pasako den Ainhoa Villaverde eta Ibon Estebanegaz.