Hiru alderdi ez zeudela egin dute Memoriaren Eguna Getxon

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 11a, 16:45
PP, Ciudadanos eta EH Bilduko ordezkariek ez zuten ekimenean parte hartu. © Getxoko Udala

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Memoriaren Egunaren harira, isilezko elkarretaratzea egin zuten atzo Getxoko udaletxearen aurrean. Bertan egon ziren EAJ, GUK eta PSE-EE taldeetako bozeramaileak eta hainbat gizarte eragile. PP, Ciudadanos eta EH Bilduko ordezkariek ez zuten ekimen horretan parte hartu. EH Bildukoek azaldu dutenez, egun horri begirako akordio berri bat lortzeko beharra helarazi zion Udalari, "gaur egungo koiuntura politikoari egokitutakoa, hain zuzen ere". Biktima guztien presentzia jasotzea aldarrikatu dute EH Bildukoek, baina saiakera denek "isiltasuna" jaso dutela salatu dute. Horren aurrean, omenaldian ez parte hartzea erabaki zuen.

Atzoko ekimenak bat egingo du udalerriko terrorismoaren biktima "guztien" omenez urtero egiten den ekitaldiagaz. Hori, abenduaren 2an izango da. Udalak azaldu duenez, "biktimen errekonozimenduari ahalik ahalik eta atxikimendu gehien lortzea ahalbidetzea eta Getxon bizikidetzaren alde aurrera egiteko lan egiten jarraitzea da helburua".

Getxoko EH Bilduren salaketa

Koalizio abertzaleak gogor salatu du EAJren jarrera "arduragabe eta alderdikoia" Memoriaren Egunean. Azaltzen dutenez, aurreko egunean Bozeramaileen Batzordea egin zuten, eta bertara joan ziren, "jakin barik zein zen Udal Gobernuak egiten zuen proposamena egun horretarako, jakin barik zein testu proposatuko zen". Halaber, euren harridura agertu dute alderdi batzuengana 2009ko proposamenagaz joan zirela jakiterakoan, "guregana hurbildu ere ez direnean egin".

Horren aurrean, EH Bilduk uste du "ezin dela okerrago kudeatu" afera hori, "horrek erakusten du Udal Gobernuaren gaitasun eta borondate eza, Getxo mailan akordio sendo eta zabala lortzeko". Era berean, eurek egindako eskaerei eta proposamenei "muzin" egitea gaitzetsi dute. Kudeaketa "kaskar" horren aurrean, abenduaren 2ko egunaren harira, "erantzukizunez" jokatzeko eskatu diote Udalari, "ahalik eta akordio sendo eta zabalena lortzeko lan egin dezan".

Era berean, "biktima guztien memoria" presente egoteko lanean jarraituko dutela azaldu dute koalizio abertzalekoek, "egungo errealitate politiko eta sozialari erantzungo dion akordioa lortu arte". Hala, Luis Maria Zuluaga Balziskueta, Antonia Hernandez Rodriguez, Aitor Elortz Unanue, Angel Figeroa, Jon Pagazartundua Isusi eta Eustakio Mendizabal "Txikia" ekarri dute gogora, atzo omenaldian "isilarazi dituzten biktimak eta Getxorekin lotura izan dutenak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun