Getxoartek 31 artistaren 30 lan erakutsiko ditu asteburuan Areetan

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 13a, 18:51

Bisita gidatuak, berbaldiak, tailerrak eta ikuskizunak izango dituzte bisitariek. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Domekara bitartean, jatorri ezberdinetako 31 artistaren 30 proiektu ikusgai egongo dira Getxoarte aretoan; Areetako Xake plazan jarritako karpan, bere txokoa edukiko du sortzaile bakoitzak. Horien artean, Izaro Gonzalez Ieregi (Algorta, 1987) izango da eskualdeko ordezkari bakarra; Uribe Kostako beste artistarik ez du aukeratu epaimahaiak. Algortarrak EH Fatigue lana erakutsiko du Getxoarten; euskal komunitatearen eta Y belaunaldiaren inguruko azterketatik sortutako obra da. 

Getxoko Kultur Etxeak adierazi duenez, "artista berrien lana bultzatzea" du ardatz nagusia Arte-praktika Garaikideen Aretoak. Hala, aurten ere Getxoarte-Artium saria banatuko dute; ikusgai dauden 30 lanen artetik bat aukeratuko dute, eta 2.000 euro jasoko ditu egileak. Horrez gainera, Arabako Artium Museoagaz izenpetutako hitzarmenaren bitartez, Gasteizen ipiniko dute ikusgai saritutako obra. Baina artisten lanen erakusketa ez ezik, beste jarduera batzuk ere egongo dira Areetako Xake plazako karpan; besteak beste, berbaldiak, mahai-inguruak, bisita gidatuak eta umeentzako tailerrak edukiko dituzte bisitariek, lau eguneko epean. Modu berean, artearen mundua eta arte eszenikoak lotuko dira, dantzaz, musikaz eta performanceaz baliatuta.

Aurten, gainera, Getxoarteren lana Udaleko beste arlo eta zentroetara zabaldu da. Horrenbestez, Romo-Artatza institutuko Arte-Batxilergoko ikasleentzako tailerrak antolatu dituzte, baita Gaztelekuko erabiltzaileentzat ere. Bestalde, Immigrazio Zerbitzuaren ekimenez, umeentzako tailerra egongo da.

Erlazionatuak

Getxoarte 2015

Iker Rincon Moreno 2015 aza 13 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun