Egindako ibilbidea ospatuko du euskalgintzak hilaren 28an Algortan

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 13a, 19:40

Getxoko komunitate euskaldunak badauka zer ospatu. Euskaraz jardun eta gozatzeko udalerriko eta eskualdeko bost proiektuk urtebetetze-festa oparoa egingo dute azaroaren 28an, elkarlanean. Gonbidatuta zaude!

Getxoko eta Uribe Kostako hainbat egitasmo atzera begira ipini dira, balantzea egin, indarrak berritu eta etorkizuneko erronkei ekiteko. Beren-beregi, Algortako Bertsolari Eskola (ALBE), Bizarra Lepoan euskara elkartea, Egizu!, Azebarri eta HIRUKA elkarri begira jarri, eta pare-parean elkarren alboan egindako ibilaldia azaleratu da. Bat eginda ospatzeko asko dutela konturatu dira, tartean urteurrenak: 35 urte, ALBEk; 20 urte, Bizarra Lepoanek; 15 urte, Egizuk; 2 urte, Azebarrik; urtebetea HIRUKAk. Bidean, hamaika proiektuk, ehunka ekintzak eta milaka lagunek euren ekarpena eta arrastoa utzi dute.

Hitzordua, azaroaren 28an, Algortan

Bost euskara- eta kultur-eragile horiek indarrak batuko dituzte datorren azaroaren 28an, zapatua, Algortan, egindako bidea "ospatzeko, eskertzeko, eta guztion begiradez etorkizun euskaldunari heltzeko" asmoz. Izan ere, elkarteek "sinergiak baliatuz, eta merezi duen legez ospatu gura" dute orain arte egindako ekarpena. Euren berbetan, "ginenak, garenak eta izango direnak batuz, guztion parte-hartzeagaz, ilusioagaz, bultzadagaz, gogoagaz, ekarpenagaz, eta denon irribarreakaz eta besarkadakaz!".

Elkarteen eta herritarren ospakizuna izatea nahi dutenez, "kalean gauzatu gura dugu ekimena". Horregatik, Algortako Zabala kalean paratuko dituzte elkarteen informazio-mahaiak eta argazki-erakusketa. Paraje, Zabala eskolan, euskalgintzari kritika egiteko berba-kafea antolatuko dute, urteotan guztiotan egindakoetatik ospatzeko dituztenak kontuan hartzeko, eta aurrerantzean hobetzeko daudenak ezagutu eta zuzentze bidean ipintzeko. Leku berean izango dira argazki-tailerra, bertso-poteoaren abiapuntua, herri-bazkaria eta elektrotxarangaren ibilbidearen hasiera ere bai. Neska-mutilentzako ipuin-kontalaria, ordea, Villamonte kultur-etxean izango da; eta Algortako hamaika txokotan egingo dute sendientzako ginkana.

Euskararen "latentzia"

Kike Amonarriz izan zen pasa den astean Algortan, Uribe Kostako Azebarri kultur elkartean, Bizarra Lepoan euskara-taldeak antolatutako Berrikasi eta berrikusi goiburuko berbaldian. Bertan akordura ekarri zuenez, "poz handia eman zidan Getxora etortzeak, 1995aren inguruan. Getxoko Azterketa Soziolinguistikoa egiteko aukera izan nuen, Siadecoren bidez, eta Joxik [Arakama Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikaria] gogoratu didanez, orduan euskararen presentziaz baino, euskararen latentziaz hitz egin zitekeen Getxon: sumatzen zen bazegoela azpian zeozer, baina oraindik azaleratu gabe". Latentzia hura, jakina, ez zen berez sortu, aurretik ahalegin handiak izan baitziren udalerrian, ehunka lagunek eginak: gau-eskoletan, euskaltegietan, etxeetan, ikastoletan, ikastetxeetan eta abarretan.

Hitza arte bihurtuz

Aurretik sortu zen Algortako Bertsolari Eskola (ALBE), 1980an. ALBEk berak oroitu du orduko egoera eta ordutik hona izandako ibilbidea: "Albe dut izena eta 35 urte bete berri ditut. Getxon jaio nintzen, Algortan, 1980an. Aita bi ditut, Trino Azkoitia eta Andoni Iriondo, eta ama bakarra, Bertsolaritza. Nire haurtzaroa guztiz zoriontsua izan zen: beti lagunez inguratuta, beti kantuan, beti alai, beti euskaraz, beti bertsotan, eta beti umore onean. Nerabezaroan, ohikoa den legez, gorabeherak izan nituen. Sasoi batzuetan nahiko bakarrik ibili nintzen. Beste batzuetan pasoko lagunak ezagutu nituen. Lagun jatorrak, baina denboragarrenean desagertu egiten zirenak. Bizi ere, ez naiz beti etxe berean bizi izan. Jaio Zabala ikastetxean egin nintzen. Urte bi nituela, San Nikolas ikastolara aldatu nintzen. Hantxe bilakatu nintzen heldua, eta heldutasun horrek neure kabuz bizi izaten joateko adorea eman zidan. Hasieran Aldai Patronatuan hartu nuen ostatu. Eta gaur egun, Aldaiko etxea guztiz utzi ez dudan arren, Martikoenera aldatu naiz, beste bizikide batzuekin batera. Etxetik kanpo ere ondo moldatzen naiz, hainbat ostatuk ere eman izan didatelako aterpe: Isidro, Naiara, Butron, Ajuria... Parrandazale samarra naizela aitortu behar!

Gaur egun ezkonduta nago, Konpromiso izeneko lagun leial batekin. Atseginez bizi gara elkarrekin, eta seme-alaba mordoa daukagu inguruan. Baita ilobak eta bilobak ere. Aurten, abenduaren 12an, nire urtebetetze-festa egingo dut Igeretxen, eta aspaldiko adiskideak ikusteko aukera paregabea izango dut. Ea han elkar ikusten dugun! Eta jakina, ea bertso-plazan ere nahi eta ahAL BEzain sarri elkartzen garen!!! Beti arte!".

Hitza, normalizaziorako lanabesa

Bizarra Lepoan euskara-elkartea sortu zenetik, berriz, 20 urte "besterik" ez dira pasa. Bertakoek akordura ekarri dutenez, "Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea da eta 1995ean sortu ginen Getxon, Bizarra Lepoan aldizkariak sortutako beharretatik ikusita: euskararen erabilera sustatzea normalizazioari begira eta euskal kultura indartzea.

Garai horretan, Getxo nahiko erdalduna zen eta baserri inguruetara mugatzen zen euskararen erabilera. Euskararen taupadak sumatzen ziren, baina ez zen euskararik entzuten herrian.

Bizarra Lepoan sortu zutenak, argi zeukaten euskara Getxo osora zabaltzeko beharra zegoela eta horretarako herriko beste eragileekin ere lan egitea ezinbestekoa zela. Horrela, geroz eta jende gehiago hasi zen elkartera hurbiltzen boluntario, gure herrian euskarari behar zuen bultzada emateko.

Poliki – poliki proiektu berriei ekin genien haur eta gazteen aisialdian, kirolean, kulturan, herriko berbakeran… Herriko euskaldun eta euskaltzaleak gurekin batera lanean aritu izan dira Getxon euskaratik eta euskaraz lan egiteko. Eta horrela hainbat lagun pasa dira Bapiruke kolonietatik, bizkaierako berbalagunetik, Toponimia ibilbideetatik, zenbait elkarte Gehitu kirola eta kultura hitzarmenetatik…

Zuek guztiok ekarri duzue euskara Getxora eta zuek guztiok zarete Bizarra Lepoan euskara elkartearen zati bat. Hori guztiagatik, eskerrik asko 20 urte hauetan euskararen alde egiteagatik!".

Elkarlanaren fruitua

Bost urte beranduago, euskalgintzako sendia ugaldu zen, beste eragile bat gehituz: Egizu. Elkarteak zabaldu duenez, "Lau eragileen adostasunaren fruitua izan nintzen. Getxoko hiru euskaltegiek (Jose Antonio Agirre euskaltegia, Lauaxeta Aek euskaltegia eta Getxoko udal euskaltegia) eta Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkarteak sortu ninduten 2000.urtean, beste askoren laguntzarekin batera. Egiuzu Getxo Euskaldun izenagaz jaio nintzen Getxoko euskararen erabilera bultzatu eta euskal komunitatea indartu nahian. Nire helburua da euskaldunon arteko harreman sareak sortzen laguntzea eta daudenak sendotzea. Euskaldun zahar eta berriei aukera eman nahi diet euskara erabiltzeko kulturan, kirolean zein aisialdian. Oraindik euskaraz ez dakitenekin ere egotea gustuko dut, elkar ezagutzeko eta haiek animatzeko euskara ikas dezaten.

Jaio nintzenean proiektu bakarra nuen ardatz: Berbalaguna. Gaur egun, nerabe izanik, 15 urte bete berri baititut, hainbat egitasmo kudeatzen ditut: Kirola euskaraz (bizikleta-taldea, mendi-taldea eta yoga ikastaroa), kultura jarduerak (Berbatxangoak, Egur-taila ikastaroa, EuskarAfariak, sOrtuak, bizilagunak…), literatura jarduerak (Uribe Kostako Irakurzaleen TXokoa; Irakurri, oparitu eta gozatu eta argIHIzkiak), Sendi  proiektua eta Beharsarea.

15 urte hauetan jende, lagun eta ezagun asko topatu ditut bidean. Asko gustatzen zait jendearekin egotea eta beti nago lagun berriak egiteko prest. Azken finean jendearen ekarpenen ondorioz hazi naiz hainbeste. Niri buruz zer edo zer gehiago jakin nahi izanez gero sartu Egizu.eus-en eta kuxkuxeatu!".

Euskara, sukaldetik herrira

Halere, azken urteotan ere sortu dira ekimen berriak. Horrela azaldu dute Azebarriko kideek: "Azebarri kultur-elkartea 2013ko azaroaren 29an eratu genuen hainbat euskaltzalek, euskaraz bizi ahal izateko nahiak bultzatuta. Gure elkartearen izaeran oinarri bi ditugu, euskarazko kultura eta aisia suspertzea eta elkarte gastronomikoa izatea, biak elkarren osagarri dira; Uribe Kostan egon dadin esparru bat euskararen inguruan solas eta jolas egiteko, eta gure hizkuntzan elkarrekin bizi eta gozatzeko.

Erreferentziala izango den gunea sortu dugu, sortzen ari gara, espazio fisikoa eta eskaintza kulturala bateratuko dituena. Eragiteko gune bilakatu nahi dugu Euskal Herria kaleko gure lokal zabaldu berria. Getxo eta Uribe Kostako euskaldunen artean harreman sare sendoa osatu nahi dugu, eta elkarrekin aritzeko esparrua eskaini nahi dizuegu, ondo etorri gurera".

Denona, denei, denon hizkuntzan

Azkenik, proiekturik berriena da, itxuraz, HIRUKA komunikazio-taldea, baina ez da berez horrela. Bertako kideek oroitu dutenez, "orain dela urte bi inguru, Uribe Kosta eskualderako irrati euskalduna sortzeko asmoagaz, eskualdeko euskal komunikabideak (Ukberri.net, 'UK' aldizkaria eta Koska irrati librea) euskalgintzako hainbat eragilekaz elkartu ginen. Koskak bere bidea amaitutzat eman zuen. Jaurlaritzak irrati-lizentziak banatzeko lehiaketa abian zuela ikusita, aurkeztu genuen Uribe Kostarako irrati euskalduna: Justuri Irratia; baita behin-behineko lizentzia lortu ere. Halere, Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen lehiaketa. Horregatik, epaitegien zain gaude oraindino, euskal komunitateari irrati euskalduna eskaini ahal izateko.

Bitartean, eskualdeko hedabide biek aurrerapausoa eta bestelako garapen bat behar zutela iritzita, irratia sortzeko pausoak emateaz gainera, Uribe Kostarako komunikazio-talde osatu, integral, sendo, indartsu, multimedia, kalitatezkoa eta erakargarria eskaintzea erabaki genuen, eskualdeko euskalgintzako eragile esanguratsuenakaz batera, indarrak batuz. Bide horretan Tokikomen laguntza ere izan dugu. Hala urtarrilaren 22an jaio zen: HIRUKA. Ilusio handiz sortu den egitasmo da, eskualdeko euskarari bultzada emango diola sinetsita. Uribe Kostan 100.000 euskaldun eta ia euskaldun gara; guri guztioi begirako egitasmoa eta eskaintza da, baita gu guztion bultzada beharko duena ere".

HIRUKAren aurrekariak

1995ean jaio zen "Bizarra Lepoan" aldizkaria, Getxorako bakarrik zena. 1999an, umezaroan, jolas parketzat hartu zuen Uribe Kosta (UK) osoa: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz. Gaztaroan, maiztasuna, orrialde kopurua, sarerako jauzia eta hainbat aldaketa bizi izan ditu; beti ere argazkigintzari leku berezia eskainiz eta uribe kostarren historia eta istorioak izanda iturri eta helburu. 2015ean beteko lituzke 20 urte... beste sasoi bat bizi dugu, hedabideen betebeharrak eta horiekiko eskariak aldatu dira, eta "UK"-k bide berria hartuko du.

Koska irrati librea, ordea, 2000. urtean gazte talde batek sortu zuen, eskualdean euskarazko komunikazioan zegoen gabezia ikusita. Kontrainformazioa lantzea, eskualdeko informazioa jorratzea eta irratia herriari eta herri mugimenduan diharduten kolektiboei hurbiltzea eta euren bozgorailua izatea izan ziren irrati elebidunaren helburuak.

Azkenik, Ukberri.net agerkari digitala orain dela 12 urte sortu zen, Guardia Zibilak itxitako "Euskaldunon Egunkaria"-ren "Bizkaia" gehigarriak sarean eta eskualdean utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Kaletik, Uribe Kosta eta Erandioko herri eta auzoetako 20.000 istorio baino gehiagoren berri eman du tarte horretan.

Egitaraua

11:00 Ipuin-kontalaria, Villamonte kultur etxean.

11:00 Argazkigintza tailerra, Zabala eskolako liburutegi txikian. Antolaketa errazteko aurretik izen-ematea eskertuko dute, nahiz eta azken orduan ere inskribatu ahal izango den: info@bizarralepoan.org / 944 910 387

11:00-14:30 Elkarteen aurkezpen-mahaiak, Zabala kalean.

11:30 Berba-kafea: Euskalgintzari kritika: Zer dugu ospatzeko? Zer dugu hobetzeko?, Zabala eskolako aterpean.

12:00 Familia eta kuadrillentzako ginkana (Zabala eskolan, San Nikolas plazan, Telletxen, Bihotz Alai plazan, Teilagorri plazan eta Portu Zaharreko Etxetxun). Antolaketa errazteko aurretik izen-ematea eskertuko dute, nahiz eta azken orduan ere inskribatu ahal izango den: info@bizarralepoan.org / 944 910 387

13:00 Bertso-poteoa, Zabala eskolan hasita.

15:00 Bazkaria, Zabala eskolan. Txartelak salgai daude Algortan
(Salem, Baserri, Baster tabernetan eta Martikoena 16ko bulegoetan); Itzubaltzeta/Romon (La Mona tabernan) eta Areetan (Monedero harategian). Nagusien menua (11 euro): marmitakoa, oilasko errea etxeko patatakaz, euskal pastela, ogia, ura edo ardoa, kafea eta kopa. Umeen menua (8 euro): makarroiak, oilasko-paparra arrautza-irinean, txokolate-pastela, Barazkijaleek eta alergikoek menu berezia izango dute, aurretik esanez gero: info@bizarralepoan.org / 944 910 387

16:30 Ekitaldia eta bingo-jokoa musikagaz, Zabala eskolan

18:00 Elektrotxaranga, Zabala eskolan hasita.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun