Galeako gotorlekua berreskuratzea eskatu du PPk

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 19a, 16:45

Galeako gotorlekua.

Getxoko PPk Galeako gotorlekuaren kontserbazioa eta kudeaketa bermatzea eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Horretarako, Iñaki Gamero bozeramaile popularrak Udalaren eta Aldundiaren arteko akordioa sinatzeko eskakizuna egin du. Deitoratu duenez, "gotorlekua egoera tamalgarrian dago, erabateko erabilerarik eman gabe". Gotorlekuaren dorrea berreskuratzeko obrak egin dituztela aitortu du Gamerok, hala ere, salatu duenez, lan horiek ez dute ekidin eraikinaren egoera "penagarria" izatea.

Popularren arabera, gotorlekua "turismorako erakargarria da". Hori dela eta, lehenengo eta behin hori "babestu eta modu egokian kudeatzeko" beharra dagoela azpimarratu dute.

Getxoko turismoa areagotzeko asmoz, PPk ibilbide turistiko-kulturala proposatu du. Horretan, Bizkaiko Zubia, Txurrukari monumentua, Arriluzeko pasealekuko etxeak eta jauregiak, Portu Zaharra, Aixerrota eta Galeako gotorlekua ikusi ahal izango ziren, besteak beste.

"Zentzugabekeria da ondare aberatsa izatea eta instituzioek ezer ez egitea horien kontserbazioa mantentzeko", salatu du Gamerok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun