Datorren martitzenean, hilak 24, Los campeones del 4 1/2 (Ediciones Beta) liburua aurkeztuko du Algortan Santiago Agirre idazle bilbotarrak. Ekitaldia Villamonte kaleko liburutegian egingo dute, kultur etxearen barruan, 19:00etan. Sarrera doakoa eta librea izango da (leku kopurua mugatua da).
Liburuan, Agirrek 4 eta erdiko txapelketaren historia birpasatu du, baita kaiola-gaz lotuta izan diren pilotarien izenak ere, Akarregirengandik hasi eta Titin III.arengana heldu arte. 295 orrialdeetan, atzerako bidaia egin du denboran, pasadizoz eta sorpresaz betetako txapelketa horren hastapenak eta bilakaera ezagutarazteko.
Bizkaian, txapelik ez
1953an antolatu zuten jokalari profesionalen arteko lehenengo 4 eta erdiko txapelketa. Bost urte jarraian egin ostean, 1957an utzi zioten antolatzeari; 32 urte luzez, hutsik egon zen. 1989ra arte, ez zuten berreskuratu gaur egun esku-pilota profesionalaren ardatza den txapelketa. Hasierako urteetako eta azken hamarkadetako hamabost txapeldunen zerrenda "luxuzkoa" da: Akarregi, Soroa II.a, Barberito, Ogueta, Retegi II.a, Eugi, Galarza III.a, Nagore, Arretxe, Unanue, Barriola, Olaizola II.a, Martinez de Irujo, Titin III.a eta Gonzalez. Zerrenda horretan, Akarregi lekeitiarra da bizkaitar bakarra. Hala ere, bizkaitar batek ere ez du egundo txapelketa horren txapela jantzi. Akarregik irabazi zuen "garaian, garaikur bat besterik ez zietelako ematen, txapela esku-huskarako zelako bakarrik", dio Santiago Agirrek. Liburua prestatzeko urtebete eman du: hemerotekan, hilda dauden antzinako txapeldunen senideak elkarrizketatzen eta bestelako protagonistakaz batzen. Anekdota asko irakur daitezke lan horretan. Santiago Agirrek liburuan azaldu duenez, 2009an Gonzalezek Martinez de Irujoren bideoak ikertu zituen, bere teknikak eta hutsuneak ezagutzeko. Horri esker irabazi ei zuen txapela.
"Ezinbestekoa"
Getxoko liburutegiek iragarritakoaren arabera, liburua "ezinbestekoa" da esku-pilotazale denentzat, eta, gainera, Agirreren aurreko lanaren osagarria ere bada: "Grandes campeones de la pelota a mano".