Gauean abiatuko dute Getxoko Emakumeen Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 23a, 18:59

Txapelketako aurkezpena. © EUSKAL ESKUBALOI FEDERAZIOA

Gaur, astelehena, 20:00etatik aurrera Gobelako kiroldegiak hartuko du Getxoko Emakumeen Nazioarteko Eskubaloi Txapelketaren hasiera, Angolako selekzioaren eta Espainiako Eskubaloiko Federazioaren barruko unibertsitateetako konbinatuaren arteko partida dela medio.

Prentsaurrekoaren beste irudi bat. © EUSKAL ESKUBALOI FEDERAZIOA

Nazioarteko txapelketa hirukoa izango da eta aipatu talde biez gainera, Euskadiko selekzioak ere hartuko du parte. Eguaztenean, hilak 25, bertoko jokalariak Angolaren aurka lehiatuko dira, 20:30ean, Faduran. Barikuan, azaroak 27, ostera, Espainiako unibertsitarioen kontra jokatuko dute, Gobela kiroldegian, 19:30ean.

Lehiaketa antolatu dute Romo Eskubaloi Taldeak, Euskal Eskubaloi Federazioak eta Getxo Kirolak udal erakundeak. Horretarako, baliatu dute Afrikako txapeldunak Faduran daudela entrenatzen datorren munduko txapelketarako, abenduaren 5etik 20rako Danimarkan egingo dena.

Lehiaketa oso lehiakorra izango da, Angolako selekzioa Afrikako irabazlea baita eta Unibertsitateko selekzioa Espainiako Federazioko bigarren taldea baita; beraz, jokalari berriak ikusteko aukera izango da Algortan zein Itzubaltzeta/Romon, egungo konbinatu espainiar arrakastatsua ordezkatzera etorritakoak. Horrez gainera, Euskadiko selekzioa eta Euskal Herriko emakumeen eskubaloia, oro har, une ikaragarria ari dira bizitzen Bera Bera eta Zuazorekin, ligaren goiko postuetan aurkitzen baitira bi taldeak. Halaber, bigarren dibisioan talde ugari ari da jokatzen.

Bestalde, Getxoko txapelketari esker, Romo Eskubaloi Klubak sustatuko du Itzubaltzeta/Romoko eta inguruko neskatxen eta gazteen artean, emakumeen lizentzia-kopurua gehitzen dabilen unean.

Sarrerak Romo Eskubaloi Taldean Gobelan eta Faduran eskuratu ahal izango dira, partidak jokatu aurretik. Helduentzako sarrera sei eurokoa da eta haurrentzakoa 2 eurokoa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun