Bizilagunak egitasmoak 26 bazkari egin ditu, 220 lagunakaz

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 25a, 16:50

Bazkariak 52 familiek partekatu zituzten hilaren 22an. © Getxoko Udala

Guztira, 220 lagun inguruk hartu zuen parte joan den domekan, hilaren 22an, "Bizilagunak-aldameneko familia" ekimenaren baitan egindako 26 bazkarietan. Egizu Getxo euskaldun elkarteak, Getxoko Etorkinak plataformak eta Getxoko Udalak bultzatu dute aipatutako egitasmoa. Ekimen horregaz, elkar ezagutu eta beren errealitate desberdinei buruz berba egiteko partekatu zituzten bazkariak 52 familiek eta 26 dinamizatzailek, euren arteko hurbilketa eta ezagutza ahalbideratuz. Aurten, iaz baino 11 bazkari gehiago egin dira.

Ekimenean, bertoko familiakaz batera, Bolibia, Nikaragua, Txile, Italia, Filipinak, Argentina, Peru, Frantzia, Senegal, Ekuador, Paraguai, Brasil, Kolonbia, Venezuela, AEB, Ingalaterra, Uruguai, Errusia, Guatemala eta Saharako familiek hartu zuten parte, besteak beste.

Esperientzia hori Europako hainbat tokitan burutu zen domekan, Txekiar Errepublikan duela hamar urte sortu ondoren. Hego Euskal Herrian 428 familiako 2.200 bat lagun elkartu ziren, 30 nazionalitate baino gehiagokoak, EAEko eta foru komunitateko 35 herritako eta hiritako bizilagunak.

Abenduaren 5ean, zapatuan, parte hartu duten Hego Euskal Herriko udalerri denetako familiei eta dinamizatzaileei aitorpen-ekitaldia eskainiko diete Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Getxoko Udalak eta Egizu elkarteak autobus bat antolatu dute Getxoko parte hartzaileentzat, Donostiara joan ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun