Iragarri dutenez Algortako J.C. Baroja institutuak prest du ikasleentzat aste osoko egitaraua, azaroaren 30etik abenduaren 4ra arte. Halaber, abenduaren 13ra arte goza daiteke ArgIHIzkiak (Egizu eta Hiruka) erakusketaz Villamonteko kultur etxean. Hilaren 26an, UKITXen Koldo Izagirregaz berba egin ahal izango da 19:30ean, Villamonteko kultur etxean. Zapatuan, hilak 28, Bizkaiko Trikiti Elkarteak Nazioarteko Trikiti Jaialdia egingo du musika-eskolan, 19:00etan; aldez aurretik sarrera erosi beharra dago: 8 euroan, kultur etxeetan edo Kutxabanken kutxazainetan. Ondoren, 22:00etan, "trikisesiona" egongo da Azebarri kultur elkartean. Domekan, hilaren 29an, dantzarako ordua izango da, Itxartu Dantza Taldeagaz. Guztira, 100 dantzarik egingo dute kalejira; ostean, saio bereziak egingo dituzte Satistegi eta Telletxe plazetan, 12:00etatik aurrera; euria eginez gero, Zabala eskolan egingo dituzte.
Argia Ereiten saria
Abenduaren 1ean, martitzena, Argia Ereiten Euskara Sariaren Gala egingo dute Algortako Fadura kiroldegian, 20:00etan. Josu Esnaolak eta Alfredo Lopez de Gereñu "Bertso"k jasoko dute aurtengo saria.
Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, 10:00etan hasiko dira euskarari gorazarre egiten, "trikikantu" gosariagaz (Pipers tabernan hasita); euskaltegietako ikasleek parte hartuko dute horretan. 12:30ean, Aixerrota institutuko ikasleek eta Musika Eskolako bandak flashmob-a grabatuko dute San Nikolas plazan. Arrastian, 19:00etan, jarduera horren bigarren saioa egingo dute, Kimetz abesbatza gehituta. Horretan ere, Getxoko «gazte euskaldunek» parte hartuko dute. Jarraian, Musika Eskolako bandak kontzertua eman eta gero, ‘Euskarak 365 Egun’ kandelaz idatziko dute bertaratzen direnek. Gero, gazteek euskararen aldeko topa egingo dute, Salemen.