Errautsetatik birsortuz
Emakumezkoen talde nagusia Bigarren Nazionalean jokatzen dabil, joan den denboraldian partida denak galdu ostean, kategoriaz jaitsi ondoren. Kontuak hala, hasi den denboraldian gogoa eta maila berreskuratzea izango dute helbururik nagusiena jokalariek. Fran Garcia entrenatzaileak gidatuko ditu helmuga horretara hurbil daitezen. Zortzi partiden ostean, getxoztarrak taularen erdian daude, liderrarengandik hiru puntura.
Gizonezkoen talde nagusiaren egoera antzekoa da Lehenengo Nazionalean, zazpi partidatan jardun ostean. Alberto Gutierrezek gidatuta, euren helburua lehen sailkatuen artean sartzea da, igoerako fasea jokatu ahal izateko. Hala ere, aurkezpenean klubak azpimarratu zuenez, harrobiari garrantzi handia emango diote aurten, aurreko urteotan legez.