Portu Zaharreko termitakaz akabatzeko diru laguntza onartu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 27a, 11:20

Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, artxiboko irudian.

Getxoko azaroko osoko bilkurakn 100.000 euroko kreditu gehigarria eta diru-laguntza bat ematea onetsi dute, Portu Zaharrean termitak garbitzeko lanak hasteko. Erabakiak EAJ, PP, PSE-EE eta Ciudadanosen babesa jaso zuen; GUK Getxo eta EH Bildu abstenitu egin ziren. GUK eta EH Bilduko zinegotziek uste dutenez, besteak beste, "Portu Zaharrean dagoen premia hau finantzatzeko eredu edo modua ez da egokia eta Udalaren gestio txarra islatzen du, kudeaketa publikoaren erantzukizuna auzotar elkarte baten eskuetan usten baitu, gastua ez baitu kontrolatzen, eta Getxoko beste auzotar batzuekiko aurrekariak eta diferentziak ezartzen baititu". Popularrek, ordea, ez dute talde ezkertiar bi horien jarrera ulertu, "auzotarren parte-hartzeaz eta auzotarrak entzuteaz mintzatu ohi diren arren, ez baitute begi onez ikusten beren harikoak ez diren auzotarrek proposatzen dutena". Era berean, PP pozik agertu da Gobernu Taldeak hiritarrek egindako eskaera "entzun" duelako.

Koldo Iturbe Kultura zinegotziak, bere aldetik, adierazi zuen proposamenak elkartearen beraren eskakizunari erantzuten diola, eta haren eta Gobernu Taldearen arteko hitzarmen eta bat-etortzearen emaitza dela; "tradizioz eta historikoki" udalerriarentzat garrantzitsua izan den gune horren berezitasuna kontuan hartu eta gero, auzoko lehentasunak zehazteko hainbat bilera egin ostean iritsitako emaitza dela azaldu zuen, hain zuzen ere. "Elkarlana etengabea izan da 2013. urtean Elkartearen Batzordeak eta Gobernu Taldeak aldian-aldian hainbat bilera egin baitituzte”, Koldo Iturbe Kultura zinegotziak esan zuenez.

Alkateak ere parte hartu zuen eztabaidan, eta GUK eta EH Bilduri gogorarazi zienez, "Getxoko elkarte askok honakoa bezain edo garrantzi handiagoko udal subentzioekin lan egiten dute, eta gastu publikoaren behar bezalako kontrola egiten da, beren kontuak justifikatu behar baitituzte". Landak azpimarratu zuen GUK eta EH Bildu izango direla "Portu Zaharreko auzotarrei azaldu beharko diotenak mesfidantza honen zergatia".

Azkenik, PSE-EEk zehaztu nahi izan zuen EAJren eta PSEren arteko itunaren lehentasunetako bat Portu Zaharra dela eta herritarren partaidetza ez dela "huts-hutsik entzutea bezala ulertzen, kudeaketa partekatu bezala baizik, eta hori da egiten ari garena".

Emakumeen kontrako indarkeriaren gutxiespena eta berdintasunaren aldeko konpromisoa

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela-eta, Adierazpen Instituzionala onartu zen, aho batez. Adierazpenak gaitzespenik irmoena egiten du emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko. Era berean, adierazpenak berresten du arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.

Horregatik adierazpenak proposatzen du udal politika aktiboa izateko konpromisoa onartzea, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde, eta herritarrak gonbidatzen ditu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan. 

Udalerriko leku zehatz bati "Euskaldun berria" izena jarriko diote

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, onartutako Adierazpen Instituzionalaren berri eman zuten. Horren bitartez, Udalak konpromisoa hartzen du helduaroan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza erakusteko; horretarako, udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati laster "Euskaldun berria" izena jarriko diote. Horrela adostu zuten Bozeramaleen Batzordean EAJren, PPren, GUKen, PSE-EEren eta Ciudadanosen botoakaz; EH Bildu abstenitu egin zen. Talde horrek bere abstentzioaren arrazoia argitu zuen esanez onartutako testuak ondokoa jaso behar zuela: "hainbeste pertsonak urteetan egindako ahaleginari esker ona eta jarraipena egiteko, aurrerantzean euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna bermatu behar da eta horretarako doakotasunaren bidean aurrerapausoak ematea ezinbestekoa iruditzen zaigu".

Adostutako testua,  Eudelek udalerriei bidalitako Adierazpen Instituzionaletik abiatu zen, aho batez HAKOBAk (Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordea, hizkuntza politika arloan) adostu zuena.

Mozioak

Udalbatzak, gainera, bost mozio onartu zituen. Lehenengoa PPk aurkeztu zuen eta EAJk zeharkako zuzenketa egin zion. Galeako gotorlekua Berreskuratzeko Plana lehenesten du mozioak; horretarako, Udalbatzak esan du beharrezkoa edo beharrezkoak diren kredituak emango dituela. Horrez gainera, PPren beste mozio bat onetsi zuten, oraingoan EAJk eta PSE-EEk zeharkako zuzenketagaz, Ekonomia Itunaren balioa aitortu eta haren aldeko apustua egiteko, Legebiltzarrean onartutakoaren ildotik.

GUK taldeak, bestalde, bi mozio onartzea lortu zuen: bat, hori ere EAJk eta PSE-EEk egindako zeharkako zuzenketagaz, Udalak bere gain hartzeko UNICEFen "Haurren Hiri Lagunak" programan adierazitako konpromisoa. Horren helburua da tokiko gobernuekiko sareko elkarlana bultzatzea haurtzaroari zuzendutako udal politikei buruzko informazioa eta jokabideak partekatzeko; bai eta baldintzak aztertu eta neurtzea, programari atxikitzeko balorazioa egiterakoan. GUKen bigarren mozioak, besteak beste, "Getxo 2.0" plana egitea eskatzen zuen, udal bulego guztietan mailaka ezarri eta lehentasunez erabili beharreko software librea aztertuko duena, eta EAEn erreferentzia izango den Software Librearen Zentroa sortzea sustatzea.

Azkenik, EH Bilduren mozioa onartu zuten, Ibon Iparraguirre euskal preso politikoa Euskal Herrira hurbilarazi eta sendabidea emateko exijitzeko, oso gaixorik baitago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun