Domekan, hilaren 6an, GGKEen azoka izango da Areetako karpan; bertan, Getxoko Udalak emandako diru-laguntzakaz aurrera eraman diren proiektuak hurbiletik ezagutu ahal izango dituzte herritarrek. Gainera, goizean zehar, kometen eta "elkartasun bidaiari" buruzko tailerrak izango dira, "Klaketa Social" izenekoak antolatutakoagaz batera. Azken hori, eskuko dispositiboakaz bideoak grabatzeko eta editatzeko tailerra izango da eta parte hartzaileek Getxotik Mundura ekimenari buruzko erreportajea egin beharko dute, lankidetza herritarrengana hurbiltze aldera.
Ondoren, 13:00etan, Tor magoak magia saioa eskainiko du. Arrastian, Ugandako sei gaztek osatutako Aba Taano taldeak abestien eta dantzen kontzertua eskainiko du. Horiek gehiegikeriak jasan dituzten haurrak artatzen dituzten Ugandako umezurtz-etxe baten aldeko ekitaldiak egiten dituzte.
Egun horretako egitaraua osatuko dute ludoteka batek, saharar herriaren aldeko te hartzeko zeremoniak, mahai jokoen erakustaldiak eta Bidezko Merkataritzako produktuen otzararen zozketa batek, besteak beste.
Erakusketak
Hilaren 21era arte, "WC Errealitate Desberdinak" izeneko erakusketa bisitatu daiteke Itzubaltzeta/Romoko Gobela kiroldegian, Unesco Etxearen laguntzagaz. Horretan, ura eta munduko toki askotako biztanleen arteko lotura ikusi ahal izango da. Saneamendua oinarrizko eskubide gisa aldarrikatzen da erakusketan, pertsona guztien "ongizatea eta duintasuna" lortze aldera. Bestalde, hilaren 20ra bitartean, Algortako San Martin de Tours elizan "Kanseniako jendea eta lurrak" erakusketa bisitatu ahal izango da, bertoko Misio taldearen eskutik.
Getxo Bidezko Merkataritzako kafeagaz eta kakaoagaz
Getxotik Mundura Mundutik Getxora programak aurten ere Bidezko Merkataritzako kafea eta kakaoa gosaltzeko aukera ere eskainiko du, udalerriko hainbat ostalaritzako establezimendutan. Oraingoan ekimenagaz bat egin dute lehenengo aldiz Algortako hainbat tabernek. Guztira, Algortako, Areetako eta Itzubaltzeta/Romoko 50 inguruk hartuko dute parte aurten, iaz baino 15 gehiagok. Horiek guztiek kartel adierazgarri bat izango dute.
Guzti horrez gainera, egitarauak jarduera ugari eskainiko ditu abenduaren amaiera arte; horien artean, Siriako desplazatuentzako umeak eramateko gailuen bilketa; Bidezko Merkataritzako menua Fadura Ostalaritzako Eskolaren partaidetzagaz abenduaren 4ra arte; emakume indigenen film-laburren proiekzioa abenduaren 2an; eta abenduaren 4an ipuin-kontalariak Anabel Murogaz eta "Camino de la escuela" dokumentalaren proiekzioa. Gainontzeko jarduerei buruzko informazioa: www.getxo.eus.