Getxon euskararen alde egindako lanagatik omendu dituzte Esnaola eta Lopez de Gereñu

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 2a, 12:58

Josu Esnaolak eta Alfredo Lopez de Gereñuk, "Bertxo"k, jaso zuten atzo VI. Argia Ereiten Euskara Saria. Biek euskararekiko izan duten konpromisoagatik eta, bereziki, duela 19 urte Berbalaguna ekimena udalerrian martxan jartzeagatik jaso dute sari hori. Esnaolak eta Lopez de Gereñuk eskerrak eman zizkieten hasieratik eta denboran zehar proiektuan lagundu duten pertsona guztiei. Lehenengo bi edizioetako saridunek, Laura Lapeyrak eta Bittor Egurrolak, aurkeztu zuten saria emateko ekitaldia, atzo, martitzena, arrastian Fadura kiroldegiko batzar aretoan, 150 lagunen aurrean. Saria Luis Artola artisauak egindako egurrezko eskultura izan zen.

Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu zuen bi saridunek euskarari ofizioz eta afizioz dedikatutako bizitza izan dutela, biak euskaltegiko irakasleak direlako eta musu-truk parte hartu dutelako euskara sustatzeko hainbat ekimenetan, berbarako, Bizarra Lepoan, Bost Axola irratia, Egizu, Irakurzaleen Txokoa eta sOrtuak ekimenetan.

Horregatik, euskaltzale biei beren euskararekiko konpromisoagatik eskerrak eman zizkien getxoztar guztien izenean.

"Bertxo"k saria hartzerakoan hurrengo berbak bota zituen bere sentimenduak adierazteko: "Poza eta harrotasuna, Berbalagunaren hasierako urteak oso pozgarriak izan zirelako; elkarlana, hasieratik Bizarra Lepoan, udalerriko euskaltegi guztiak eta Udala inplikatu zirelako; konpromisoa, euskaltegietako irakasleena, ikasleena eta pertsona askorena, eta horregatik guztiagatik, eskerrik asko urteetan zehar proiektuan kolaboratu duten pertsona guztiei".

Bestalde, Josu Esnaolak adierazi zuen zeregin horretan ez direla bakarrik egon eta urte guzti hauetan beraiekaz aritu diren guztiak ekarri zituen gogora. "Saria guk jaso dugu baina atzean jende asko dago. Asko jaso dugu jende askorengandik eta horiek aberastu gaituzte eta guk eman duguna baino gehiago eman digute. Eskerrak lekukoa hartu zutenei, beraiei esker Berbalagunak iraun duelako eta zabaldu delako esparru askotara. Saria beraiek ere merezi dute", adierazi zuen Esnaolak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun