Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu zuen bi saridunek euskarari ofizioz eta afizioz dedikatutako bizitza izan dutela, biak euskaltegiko irakasleak direlako eta musu-truk parte hartu dutelako euskara sustatzeko hainbat ekimenetan, berbarako, Bizarra Lepoan, Bost Axola irratia, Egizu, Irakurzaleen Txokoa eta sOrtuak ekimenetan.
Horregatik, euskaltzale biei beren euskararekiko konpromisoagatik eskerrak eman zizkien getxoztar guztien izenean.
"Bertxo"k saria hartzerakoan hurrengo berbak bota zituen bere sentimenduak adierazteko: "Poza eta harrotasuna, Berbalagunaren hasierako urteak oso pozgarriak izan zirelako; elkarlana, hasieratik Bizarra Lepoan, udalerriko euskaltegi guztiak eta Udala inplikatu zirelako; konpromisoa, euskaltegietako irakasleena, ikasleena eta pertsona askorena, eta horregatik guztiagatik, eskerrik asko urteetan zehar proiektuan kolaboratu duten pertsona guztiei".
Bestalde, Josu Esnaolak adierazi zuen zeregin horretan ez direla bakarrik egon eta urte guzti hauetan beraiekaz aritu diren guztiak ekarri zituen gogora. "Saria guk jaso dugu baina atzean jende asko dago. Asko jaso dugu jende askorengandik eta horiek aberastu gaituzte eta guk eman duguna baino gehiago eman digute. Eskerrak lekukoa hartu zutenei, beraiei esker Berbalagunak iraun duelako eta zabaldu delako esparru askotara. Saria beraiek ere merezi dute", adierazi zuen Esnaolak.