Proiektuan zehazten diren lan horiek Uribe Kosta zubitik Salsidun daborduko eginak diren lanen hasieraraino doan tartean egingo dituzte. Hala, Gobela ibaiaren ibilguan 775 metrotan zehar egingo dira lanak, ur hustuketa handitzeko.
URAk azaldu duenez, lan horien xedea honakoa da: Faduran Gobela ibaiaren aldameneko eremuak hustea, ur hazkundeari lekua emango dion albo-plataforma bat sortzeko. Hau da, ur handiko sasoietarako ibaiaren ur-hustuketarako ahalmena handituko da, urak tokia izan dezan ur goraldiek kalterik sortuko ez duten eremuetan zabaltzeko. Horretarako, Fadurako zubi eta pasabideak eraitsi eta ordezkatu beharko dira.
Errekaganeko tartean egiten ari diren lanak
Gobela ibaiaren ibilgu-zabaltzea bukatu dute Errekagane inguruan; hain zuzen ere La Avanzadatik Leioako hiribideko zubirainoko tartean. Lanon ibilgu-tarteak 362 metroko luzeera du, eta 13 metroraino zabaldu da.
Errekaganeko tarte horretan, Gobela ibai-ibilguaren zabaltzea mugarri garrantzitsu bat dela dio URAk. Izan ere, lanok ibilgutik bertatik egin behar izan dira, "ezinbestean", ibai-ertzetan tokirik ez izateagatik; hortaz, ibai-emariaren gorabeherek nabarmen baldintzatu zitzaketen lanok.
Hala ere, azken hiruhilabeteko euri urriak lagun izan dira ibilguaren zabaltze-lanak une egokian burutzeko; eta balizko ur-handiak baino lehen bukatzeko.
Datozen hilabeteetan egiteke geratzen diren lanak honako hauek izango dira: alde batetik, ibilgu berriaren orma bertikalak atontzea, La Avanzadatik El Carmeneko pasabiderainoko tartean; bestetik, pasabidea bera ordezkatzea, zein pasabidetik eta Leioako hiribiderainoko tartea urbanizatzea. Horiek horrela, 2016rako aurreikusten da lanok bukatzea.
Errekagane eta Fadurako lanok burututakoan, nabarmen jaitsiko da 100 urteko itzultze aldiko ur-goraldien ur-laminak hartuko duen maila: Gobelan lanok egin aurretiko egoeragaz alderatuta, 1,44 metro behera, gutxien jaisten den eremuetan; 2,28 metro behera, gehien jaisten den horietan. Ondorioz, herriguneko eremu zabalak ur-goraldietatik at geratuko direla aurreikusi du URAk.