Izen-ematea zabaldu dute Itziar Lopez de Uralde oroi-lasterketan

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 2a, 21:57

Oroit-lasterketaren 2014ko edizioa. © ERANDIOKO ATLETISMO ESKOLA

Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketaren 32. edizioa hartuko dute Getxoko kaleek abenduaren 13an, domeka, Bizkaiko egutegian tradiziorik handienetakoa duen lasterketa herrikoia. Daborduko, izena eman daiteke, abenduaren 10era arte, Itxartu elkartearen www.itxartu.com webgunean eta Getxo udalerriko hainbat lekutan: Fadura, Andra Mari eta Gobelako kiroldegiak eta Kantxa Kirol Moda, Gaztañaga eta Deportes Alejo Uribe kirol dendetan. Halaber, Getxotik kanpo izena emateko aukera ere eskaintzen da hainbat denda kolaboratzaileetan, hala nola Bilboko Bikilan eta Portugaleteko Sportlandian.

Itxartuk antolatuta, Fadurako kiroldegiko eraikin nagusiaren aurrean emango diote hasiera probari, aurreko urteetan legez. Lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da, eta udalerriko auzoetan barrena 9 kilometroko ibilbidearen ondoren Fadurara iritsiko da. Helmuga atletismoko pistan egongo da. Lasterketari ekin aurretik, lekukotasun-proba egingo da, 2 kilometrokoa, haurrei eta familiei zuzendua.

Lekukotasun-lasterketa doakoa izango da eta 9 kilometroko ibilbidea egiteko kuota, berriz, 8 eurokoa izango da. Opari moduan, lasterketa bukatu ondoren, lasterkariek kamiseta teknikoa jasoko dute. 8 euroen ordainketa Itxartu Taldeak Laboral Kutxan duen 3035 0067 61 0671156493 kontuan egin behar da eta Inskripzio-fitxa bete, aipatutako epearen barruan.

Itxartuk euro bana bideratuko du izen-emate bakoitzetik San Martin de Tours misioen talde getxoztarra Kongoko Errepublika Demokratikoan sustatzen dabilen hezkuntza-proiektura.

Sarien atalean, emakumezkoen nahiz gizonezkoen kategorietako irabazleek 600 euroko saria jasoko dute. Era berean, 600 euroko sari gehigarria emango diote probako errekorra haustea lortzen duenari. Gainera, Euskadiko eta Getxoko atletarik azkarrenek 300 eta 200 euroko sariak izango dituzte, hurrenez hurren.

Memorialaren zergatia

Itziar Lopez de Uralde atleta algortarra hil egin zen 1982ko abenduaren 30ean, 26 urte zituela, Basurtuko ospitalean. Bertara eroan zuten lau egun lehenago, larri, Leioako BI-103 errepidetik footinga egiten zebilela guardia zibil batek gidatutako auto batek harrapatu ostean. Gidariak ihes egiteari ekin zion eta, bertsio ofizialaren arabera, istripua gertatu zenean autoan bidaiatzen zuten beste guardia zibil bik ezin izan zuten pilotua geldiarazi. Bidaia Lemoizko Komandantzian bukatu ei zuten eta lankideek bertan entregatu zuten gidaria.

Harrapaketatik egun bitara, oraindino Lopez de Uralde bizirik zegoela, Guardia Zibilak kanporatu zuen Antonio Jimenez Almellones, Lemoizen destinatutako guardia zibil bat, Lopez de Uralderi laguntza ukatu izana frogatutzat joz.

1986ko maiatzaren 9an, Bizkaiko Auzitegiak honako zigorra ezarri zion Jimenezi: urte bat eta egun bateko espetxe zigorra, 19.000 pezetako isuna (114 bat euro), errieta pribatua eta gidatzeko baimena hiru hilabetez kentzea.

1990eko irailaren 28an, Espainiako Ministroen Kontseiluak indultua eman zion Itziar Lopez de Uralde hil zuen guardia zibil ohiari, 50.000 pezeta (300 bat euro) ordezko zigorra ezarriz.

Gaur egun, atleta algortarra zena ez dago onartuta "segurtasun-indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketen" biktima gisa. Izan ere, bere kasua ez da agertzen Eusko Jaurlaritzak aurten udalerrika atera duen "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri" bilduman, ez Getxoko liburukian ezta Leioakoan ere.

Lopez de Uralderen hilketatik urte batera, 1983an, Getxoko Atletismo Taldeak burutu zuen Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketaren lehenengo edizioa. Azken urteotan, Algortako Itxartu taldea batu da antolakuntzara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun