Madrilen egoteko beharra azaldu du EAJk Getxon

Iker Rincon Moreno 2015ko abe. 10a, 12:23

Itzubaltzeta/Romon egindako mitin politikoa. © EAJ

EAJk ekitaldi politikoa eskaini zuen joan den zapatuan, hilaren 5ean, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan. Horretan, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarraren presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Azpiazu jeltzaleek Bizkaitik Espainiako Kongresurako aurkeztuko duten zerrendako bigarrenak egin zuten berba. Urkulluk jeltzaleek hurrengo legealdian Madrilera eramango duten agenda propioaren hiru ardatz nagusiak azaldu zituen: etorkizunerako eta gizarte kohesiorako ekonomia; bakea eta bizikidetza finkatzea; eta "Euskadirentzako" estatus politiko berria.

 

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak Mariano Rajoy (PP), Pedro Sanchez (PSOE), Albert Rivera (Ciudadanos) eta Pablo Iglesiasen (Podemos) estrategia salatu zuen: "Egunen batean hemendik agertuko dira, botoa eskatuko digute... eta gero esandako guztia ezerezean geratuko da. Beraientzat Euskadik ez du existitzen. Euskal herritarrak oso gutxi gara, jakin badakite euskal hiritarren botoek ez dituztela Moncloara eramango". Era berean, EAEn kudeatzen dutena "bermatuta" dagoela azaldu zuen, "bermatuta dago hezkuntza. Bermatuta dago Osasuna. Bermatuta dago gizarte babesa. Pentsioak guk kudeatuko bagenitu, horiek ere bermatuta egongo lirateke. Pentsio bidezkoak eta duinak. Euskaditik bertatik kudeatuak".

Iñigo Urkullu lehendakaria, bere aldetik, EAJk hurrengo legealdian eramango duen agenda propioaren hiru ardatz nagusiak azaldu zituen: etorkizunerako eta gizarte kohesiorako ekonomia; bakea eta bizikidetza finkatzea; eta "Euskadirentzako" estatus politiko berria.

Era berean, abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren PPren eta Ciudadanos taldearen arteko akordioren bat emango balitz, bat egite horrek EAEra "ondorio txarrak" ekarriko lituzkeela ohartarazi zuen Urkulluk, "autogobernuarentzat, euskal hiritarren ongizaterako, bakearen eta bizikidetzaren finkapenerako finkatzera...". "PPrekin, txarto; PPrekin gehi Ciudadanosekin, okerrago. Euskadirentzako batasun desegokia", nabarmendu zuen lehendakariak.

Urkulluren arabera, EAJk "betidanik" defendatu ditu EAEko interesak Madrilen: "1936an egin zuen, Estatutua lortu genuenean eta Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritza eta herriaren instituzionalizatzea lortu genuenean. Berriz ere egin zuen Trantsizio garaian. 1978 urtean Euskal Herriaren Eskubide Historikoen aitortza eta Euskal Ekonomia Ituna lortu genituen, gaur egun ezagun ditugun erakundeak martxan jarri genituen. Eta, horren ondorioz, gure historiako ongizate mailarik gorenena lortu dugu. Eta, horren ondorioz ere, krisi larri honetan ere, herriari eusten jakin izan dugu. Pertsonei eutsi ahal izan diegu, inor atzean utzi gabe. Konpromiso soziala. Orain hasi gara hazten eta etorkizunari begiratzen".

Espainiar Konstituzioa aldatzeko prest agertu da EAJ

Ekitaldia hilaren 5ean izan zen, Konstituzio Egunaren bezperan. Hori horrela, Andoni Ortuzarrek 1978ko Espainiar Konstituzioa "ez ospatzean" oinarritu zuen bere diskurtsoa. "Guretzat, biharkoa ez da jai eguna. Oraingo Konstituzioa guri bizkarra emanda idatzi zuten. Ponentzia Konstituziogiletik kanpo utzi gintuzten. Eta Euskadin baiezko botoen %30 baino ez zuten lortu. Konstituzioak euskal hiritargoari bizkarra eman zion eta guk, euskaldunok, bizkarra eman genion Konstituzioari. Horregatik, Konstituzio hori, ez da gurea", azaldu zuen.

Hala ere, EBBren presidenteak argi esan zuen hurrengo legealdian Konstituzioaren balizko aldarazpenerako eztabaidan parte hartzeko prest dagoela, baldintza argi eta negoziaezin batean oinarrituta, betiere: "Prozesu hau osasuntsua izan dadin eta arazoak okerragotzeko baino, konpontzeko balio dezan, ezin da taburik egon. Ezin dutena da beraiek nahi dutenaz hitz egitea eta besteoi zilegitasun osoz dagozkigun asmoak defendatzea eragoztea. Izan dezatela gauza bat argi eta garbi: EAJ prest dago Konstituzioaren aldarazpenean parte hartzeko, guk ez daukagu beldurrik. Baina han bagaude, euskal nazio nortasuna eta subjektu politiko gisa merezi dugun aitortza defendatzeko egongo garela. Aldebikotasuna, erabakitzeko eskubidea eta euskal autogobernuaren berezitasuna defendatzeko egongo gara. Gu ez gara harrizko gonbidatu izango, dena dagoen moduan edo okerrago gera dadin. Ikas dezatela 78ko hutsegiteetatik".

Madrilen egoteko beharra azpimarratu du Azpiazuk

Azkenik, Pedro Azpiazuk, EAJk Bizkaian Kongresurako aurkeztuko duen zerrendako bigarrenak, "ziurgabetasun handian" daudela azpimarratu zuen eta, beraz, "arrisku handiko" momentuan, Estatu mailan "aurrekaririk ez duen krisi ekonomiko eta politikoaren erdian". Zentzu horretan iragarri zuenez, "gauzek hobera egin dezakete, baina okerrera ere, Madrilera joan behar dugu autogobernuari eusteko lan gogorra egitera, gure ongizateari eustera, Ekonomia Ituna defendatzera, abiadura handiarekin hartutako konpromisoak eta egiteke ditugun transferentziak betetzea exijitzera, hauen artean Segurantza Soziala eta espetxe politika".

Azpiazuk azpimarratu zuen zeinen "garrantzitsua" den Diputatuen Kongresuan EAJren ordezkaritza sendoa izatea. "Gu ez bagaude, beste batzuek hartuko dute gure lekua, baina gu ez gara ez berriak ezta sistemaren kontrakoak. Gu langileak gara, parte hartzaileak gara eta gurea defendatzen dugu Madrilen eta leku eta erakunde guztietan. Egintzek abalatzen gaituzte. Eta bide horretan segituko dugu", agindu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun