Getxoko klubak bost igerilari eroan zituen, denak emakumezkoak: Ane eta Naia Ibarrondo, Elsa Atutxa, Itziar Tardaguila eta Magdalena Magy Musons. Taldeak azpimarratu duenez, azaroaren 27an eta 28an, getxoztarrek emaitza aipagarri asko lortu zituzten, tartean hainbat errekor.
Bizkaiko eta Euskadiko markak
Ane Ibarrondok laugarren postua lortu zuen 50 metroko tximeleta-estiloko proban: dominatik 9 ehunekoetara lotu zen. Modalitate horretan, berak zeukan Bizkaiko errekorra segundo erdian jaitsi zuen, 27,91 segundoko marka berriagaz. Tximeleta-estiloko 100 metroko proban, ostera, 12. lotu zen, baina aurretik zuen Euskadiko errekorra hobetu zuen, 1.02,25 denbora eginez.
Magdalena Musons gazte-mailako igerilariak ere gainditu zituen pare bat marka. Estilo libreko 100 metroan 57,21 segundoko marka ezarriz, Bizkaiko errekor absolutua kendu zion Ane Ibarrondo taldekideari. Aldi berean, Euskadiko 15 urte azpiko marka hobetu zuen. Gazte-mailakoa izan arren, nagusien artean 12. postua lortu zuen; etorkizun oparoa izan dezake.
Errelebotan ere aritu ziren igerilari getxoztarrak. Ane Ibarrondo, Elsa Atutxa, Itziar Tardaguila eta Magdalena Musonsek osatutako laukotearen saiorik aipagarriena izan zen 4x100 estiloetako proban lortutako Bizkaiko errekorra: 4.20,61.