Goizeko 09:00etan, 14 urte azpiko neska-mutilek abiatuko dituzte arraun-ergometroko tandak, 500 metroko neurrian. Ondoren lehiatuko dira 18 urte azpikoak, 1.000 metroko distantzia ahalik eta arinen betetzea helburu. Azkenik, kategoria absolutukoek itsas milia egin beharko dute, 1.609 metro, alegia. Halere, azken kategoria horretan modalitate bi izango dira: pisu arinekoak, eta pisu astunekoak. Antolatzaileek honako pisuak ezarri dituzte banaketa egiteko: 75 kilo gizonezkoen kasuan, eta 61,5 kilo emakumezkoetan.
Antolatzaileak
Getxoko Indoor Rowing Klubak antolatu du herri-lasterketa lehenengo ediziotik, Getxo Arraun Taldeagaz elkarlanean. Izan ere, dirua irabazteko asmo bako kirol-talde hori 2012an jaio zen, arraun-ergometroaren erabilera sustatzeko, eta lehorreko arraun-entrenamenduak bultzatzeko. Denboraren poderioz, ergometroak gero eta leku gehiago izan du arraun-lehiaketetan. Iaz, ia 250 arraunlarik parte hartu zuten lehiaketan.