Bost proiektu saritu dituzte 2015eko Wanted lehiaketan

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 7a, 12:50

2015eko Wanted lehiaketako irabazleak. © Getxoko Udala

"Getxoexpress", "Lola y Dolo", "Ejes de precision para longboard", "RedMedia Productions" eta "Eskubeltz 25, koloreak zabaltzen" dira Getxoko Udalak deitutako Wanted ideia lehiaketaren zazpigarren edizioan saria lortu duten bost proiektuak.

"Getxoexpress" izan da puntuaziorik altuena lortu duen proiektua. Film labur "express"-en lehiaketa bat da, eta horren sustatzaileak honakoak izan dira: Ana Angulo Umaran, Janire Dominguez Azkue eta Guillermo Sevillano Caraballo.

Bigarrena "Lola y Dolo" izan da, antzerkia eta musika uztartzen dituen umorezko proiektua; Maitane Aspe Fidek, Amaia Miranda Casquerok eta Leire Bueno Sotorenak sustatu dute egitasmoa.

Hirugarren saria, berriz, "Ejes de precision para longboard" proiektuarentzat izan da, longboarderako ardatz berriak garatzeko. Bere egileak Alejandro Garcia Guisan, Jabier Cereceda Rodriguez eta Asier Bilbao Arri izan dira.

Laugarren saria "RedMedia Productions" Community Managament–ek tokiko artistentzat eginiko zerbitzuak jaso du; eta bere sustatzaileak izan dira Beatriz Sanchez-Serrano Arteagabeitia,  Sara Coteron Esteban eta Amaia Landa Izquierdo.

Bosgarren saria "Eskubeltz 25, koloreak zabaltzen" dokumentalarentzat izan da; horretan, aisialdi talde historikoa eta Getxo erakusten dute. Gonzalo Loza Perezek, Maria Roggero Asensiok eta Paul Perez Palaciosek aurkeztu dute ideia.

Aipatutako proiektuek jasoko dituzten dirusariak honako hauek dira: lehenengoak 4.563 euro, bigarrenak 3.400 euro, hirugarrenak 6.600 euro, laugarrenak 5.000 euro eta bosgarrenak 2.437 euro. Horrez gainera, proiektu bakoitzak 10 orduko laguntza profesionala jasoko du bakoitzak aukeratzen duen gaian. Laguntza horiek guztiak 2016an zehar proiektuak garatzeko aurrekontuei dagozkie.

Ideiak garatzeko programa

Getxoko Udaleko Gazteria arloko zinegotziak, Irantzu Uriartek, gogoratu duenez, Wanted lehiaketaren helburua udalerriko gazteei buruan dituzten proiektuak martxan jartzeko behar diren laguntzak ematea da. "Wanted programaren ardatz nagusia da zenbait trebetasun ikastea eta lantzea, baliabideen kudeaketa ikastea eta martxan jartzea, arazoak taldean konpontzea, erabakiak hartzea edo ingurua aztertzen ikastea, besteak beste", azaldu du.

Uriartek gogoratu du Wanted ez dela autoenplegurako programa; "bilatzen dena ideiak dira eta horiek gauzatzeko aukera eskaintzen da. Proiektuak sustatzen dituen programa bat da eta, beraz, ekimen guztiei zabalik egongo da, jarduera ekonomikoa sortzea helburu izan zein ez".

Irantzu Uriarte zinegotziaren berbak (© Getxoko Udala)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun