Munduko marka bi lortu du Marcos Moralesek

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 8a, 11:00

Marcos Cesar Morales arraunlaria, abenduaren 24ko marka ospatzen. © RASPAS

Marcos Cesar Morales Raspas del Embarcadero Arraun Elkarteko entrenatzaile eta arraunlariak, mugarri berria jarri du ergometroaren lehiaketan, astebeteko epean munduko errekor bi txikitu baitu, 30-39 urtekoen kategorian.

Pasa den abenduaren 24an, ordu erdiaren munduko marka apurtu zuen, 9.234 metroko distantzia eginez. 1994az geroztik amerikar batek zeukan marka, 9.162 metro, gainditu zuen. Marcosek egindako batez bestekoa 1.37,04-koa izan da, 500 metroko.

Bigarren errekorra joan den zapatuan iritsi zen, urtarrilaren 2an, maratoi distantzian, 42 kilometro eta 195 metro, alegia. Proba horretan, 2 ordu 25 minutu eta 37 segundoko denbora egin zuen, 2006az geroztik alemaniar batek zuen marka hamar segundotan jaitsiz.

Raspas Arraun Elkarteko entrenatzaile eta arraunlariak prestatzeko aldian erdietsi ditu lorpen gogoangarri bi horiek. Izan ere, bere asmoa da lehiatzea Ergometroko Munduko Txapelketan, datorren otsailaren 28an Bostonen (AEB) jokatuko dena. Txapelketa horretan, 40-49 urteko kategorian parte hartuko du Marcos Moralesek, pasa den urtarrilaren 4an kirolari argentinarrak bere berrogeigarren urteurrena ospatu baitzuen. Urtarrilean, Marcos marka berriak hausten saiatuko da, kategoria berrian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun