Getxoko kirol-gala izango da martitzenean

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 8a, 16:00
Gaurko aurkezpena. © GETXOKO UDALA

Martitzen honetan, urtarrilak 12, Getxo Sasoi Sasoian kirol-galaren IX. edizioa ospatuko da, Faduran. Besteak beste, Getxoko 2015eko kirolari onenaren saria banatuko dute. Honako hauek dira hautagaiak: Saioa Agirre gimnasta erritmikoa, Alex Cortabitarte judoka, Lucia de la Puerta tenislaria eta Jonathan Castroviejo txirrindularia.

Getxoko 2015eko kirolari onenaren izena martitzenean bertan emango dute, IX. Getxo Sasoi Sasoian Kirol Sarien Galan. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, Fadurako kiroldegiko batzar-areto nagusian, Getxoko Udalak antolatuta.

Kirolari hautatuak

Getxoko 2015eko kirolari onenaren sariagatik lehiatzen diren lau getxoztarrek badute horretarako nahiko eskarmentu. Saioa Agirre Espainiako txapeldun absolutua da gimnastika erritmikoan, Euskadiko txapeldunorde eta Bizkaiko txapelduna, junior mailan, besteak beste. Lucia de la Puerta tenislari gaztea Euskadiko txapeldun absolutua da, Estatuko lehenengoa eta 58. ranking absolutuan; Euskadiko txapelduna ere bada, kadete, junior eta absolutuetan. Alex Cortabitarte judokak, berriz, urrezko domina lortu du Espainiako Txapelketan, haur mailan eta 46 kiloz azpikoetan; eta, halaber, Euskadiko eta Bizkaiko haurren txapelduna da. Azkenik, Jonathan Castroviejok ere urrezko domina eskuratu du Espainiako Txirrindularitza txapelketetan, erlojupekoan; eta laugarren sailkatu zen Munduko erlojupeko Txapelketan, Richmonden. 2011n urteko kirolari onena izendatu zuten bosgarren Getxo Sasoi Sasoian sarietan.

Udalerriko hainbat kirol kazetarik osatutako epaimahaiak hautatuko du 2015eko kirolari onena, galan zehar, lau hautagaien artean.

13 sari banatuko dituzte

Kirolaren Galan Udalak 13 sari emango ditu denera, banakako eta urteko kirolari onenaren sariakaz batera, udalerriko zenbait taldek lortutako garaipenak aintzat hartzeko; baita  kirolaren alde eta kirolarentzat lan egiten duten pertsona eta elkarteei ere esker ona adierazteko.

Izan ere, taldeka, Getxo Kirol Berriak saria emango diete Getxo Arrauneko bi mutilari, Alejandro Luis Regueiro eta Aitzol Guerrerori, eserleku mugikorrean (scull bikoitzean) urrea irabazi dutelako Euskadiko Txapelketan, gazte mailan. Nesken talde onenaren Getxo Kirol Berriak saria, ordea, eman barik geratuko da aurten.

Getxo Kirol Sariak, emakumezkoetan, Belar-hockeyko Jolaseta taldearentzat izango da, Ohorezko Mailara igo direlako. Eta, gizonezkoetan, Arenas futbol-taldeak jasoko du saria, 2. B mailara  igotzeagatik.

Bestalde, sari bereziak honako lagun eta talde hauentzat izango dira: Aitzindaria saria, mitoarena, Alfredo Olabegoia txirrindulari, triatleta eta "ironman"-ak jasoko du.

Kiroltasuna saria, kirol ibilbidea saritzen duena, Txus Dominguezentzat da, Arrigunagako skate pistaren sortzailearentzat, kirol modalitate horri emandakoagatik.

Getxo Berrituz saria,  kirolaren berrikuntza saritzen duena, aire kiroletako Airean Getxo Club elkarteari emango zaio. Alde handiz, Estatu espainol osoan lehiaketa gehien antolatu duen elkartea da.

Berdintasuna Indartuz saria, emakumezkoen kirolaren sustapenarengatik ematen den saria, Bizkerre Futbol Taldeak jasoko du. Euskadin emakumezko jokalari gehien (150) duen taldea da. Gaur gaurkoz, klubean mutil baino neska gehiago dago.

Marka Hautsiz saria, desgaituen kirolaren atalean, areto-futboleko Artaromo Getxorentzat izango da, Haszten eta Uribe Costa elkarteak lagundu eta haiekin kolaboratzeko proiektuengatik.

Eta, azkenik, Getxo Zabala saria, altruismoarena, Euskaltel enpresak hartuko du aurten, Bowlzilla 2015 skate zirkuitu profesionalaren babesle izan dela kontuan hartuta.

Aurten ere, urteko kirolari onenari polo berezia emango zaio Galan, jasotako sariaren oroigarri gisa, eta ekitaldiaren aurkezpena bi kirolarik egingo dute: Eva Sainz Patinaje Getxo Show Taldeko kideak eta Unai Ardeo Herri Kiroletakoak.

Ohitura osasungarriak

Alvaro Gonzalez Kirol zinegotziak ezagutarazi ditu sari gehienak, gaur goizean. Horien bitartez, Udalak Getxoko kirolariek eta taldeek urte osoan lortutako garaipenak saritu gura ditu. Era berean, kirolarengatik eta kirolaren alde udalerrian lan egiten duten pertsona eta erakundeak aintzat hartu gura ditu.

Alvaro Gonzalezen ustez,"iaz sari bereziaz gozatu ondoren, 2014ko Europako Kirolaren Hiri Onena, agian unea da orain ahalegin are handiagoa egiteko, kirola zeregin bat gehiago izan dadin Getxon bizi diren pertsonentzat. Gure helburua izango da ohitura osasungarriak zabaltzen jarraitzea, egunero kirolaren bitartez, ume eta gazteek egiten duten kirolaren bitartez; baita ere osasunarengatik, aisiagatik edo une dibertigarri eta atsegin bat igarotzeagatik kirolera hurbiltzen diren helduen jardunaren bitartez". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun