Complutense Cisnerosek zortzi partida irabazi ditu orain arte, eta ligako bosgarrenak dira. Getxoztarrak bezala, Madrilgo unibertsitarioak Kopatik kanpo geratu dira, haien kasuan El Salvador ligako liderraren aurka galtzearen ondorioz. Kontuak hala, Brent Semmons-en mutilek fin ibili beharko dira, ikasleak ez baitira arerio erraza izango. Bi taldeek azken urteotan jokatutako dema gehienetan nagusitu dira madrildarrak. Aurreko denboraldian, 10-29 irabazi zuten Faduran eta 29-13 Central-en. Aurtengo denboraldiko joaneko norgehiagokan, erabateko 53-31 emaitzaz garaitu ziren Madrilen.
Halere, getxoztarrak indarrez hasi dira 2016an. Kopan galdu arren, Semmonsen jokalariek indarrak berreskuratu dituzte eta gaur lehiatzeko prest daudela dio klubak. Taldeak puntuak batzen jarraitu gura du, denboraldi hasieran galdutakoak berreskuratzeko. Bide horretan, gero eta erosoago egoteko itxura ematen dute getxoztarrek.