Arenasek sufritu du Portugaleteren aurrean

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 16a, 21:25

Arenas eta Portugalete jokalariak gaurko partidan, Gobelan. © ARENAS

Arenasek berdindu du gaur arrastian Gobelan, Portugaleteren aurka jokatutako partidan. Gorri-beltzek sufritu egin dute sailkapeneko azkenari aurre egiten, eta partida amaitu baino zortzi minutu lehenago erdietsi dute gaurko puntu bakarra, 39. minututik galtzen ibili ondoren.

Arenasek izan du jokoaren kontrola lehenengo ordu erdian. Halere, Portugalete indartsu zelairatu da eta lehenengo aukera garbia Ezkerraldekoek izan dute 33. minutuan, Kortak bota duen penaltian. Orduan ez dute gola sartu, Aitor Etxebarriazarraga atezain areetarrak baloia ukitu eta zutoinera bidali baitu. Baina erasoaldi horren ostean, etxekoen deskoordinazioa etorri da, eta Portugaletek ez du aukera galdu. 39. minutuan, falta baten jaurtiketa baliatu du Galanek atearen aurretik bigarren errematean gola sartzeko, Etxebarriazarragak lehenengo saiakera oztopatu ostean erreakzionatzeko astirik ez baitu izan. Atsedenera 0-1 heldu dira.

Bigarren zatian, Arenasek dena emateko prest atera da eta hainbat erasoaldi egin ditu, baina gola sartu barik. Bitartean, Portugaletek defentsa eta kontraerasoak tartekatu ditu eta aukera izan du partida biribiltzeko Galderren erremate bategaz. Halere, Arenas izan da behin eta berriro hori-beltzen areara sartu dena, erasoaldiak biribildu barik. Zaleek daborduko maiz bizi izan dituzte antzeko egoerak, Amorebieta, Fuenlabrada, Castilla edo Gernikaren aurkako partidatan, adibidez. Eta beldur izan dira, Arenasek mendean hartutako beste dema bat galduko zutelakoan. Horretan zeidela, 82. minutuan heldu da berdinketa-gola. Luisma Villak bota du falta baten jaurtiketa, Ian Urangak errematatu du eta gola Portugaletearen sarea jo du. Handik aurrera talde biak ahalegindu dira hiru puntuak eskuratzen, baina partida berdinketan heldu da amaierara.

Kontuak hala, oraingoz Arenas seigarrena da taulan, 31 puntugaz, kategorian mantentzeko behar izango dituzten 45 bat puntuetatik hurbilago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun