Parisko Krimen Auzitegiak 13 urteko espetxe zigorra ezarri zion iragan ekainean Asier Borrero "Tortu" preso politiko algortarrari, ETAko kidea izatea leporatuta. Beragaz batera, Itziar Plaza eta Iurgi Garitagoitia juzgatu zuten, eta 12 eta 15 urteko espetxe zigorra ezarri zieten horiei biei, hurrenez hurren.
2009ko uztailaren 4an atxilotu zuen Borrero Frantziako Poliziak, Espainiakoagaz elkarlanean egin zuen operazioan; Itziar Plaza eta Iurgi Garitagoitia ere atxilotu zituzten. Hiruei atxiloketaren unean armak topatu zizkieten, bertsio ofizialaren arabera. Atxiloketak Pauen egin ziren.
Asier Borrerori ETAren Bizkaia komandoko kide ohia izatea, Hegoa komandoa zuzentzea eta hainbat atentatutan parte hartu izana leporatzen diote. Besteak beste, Calahorrako Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako bonba-autoa, Montpellierren Frantziako polizia bat zauritu izana, Zarauzko ertzain-etxearen aurkako lehergailua eta Balmaseda zein Derioko herri etxeen aurkako atentatuak egozten dizkiote.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, Borrero 2008ko uztailean ekin zion iheseari, Bizkaia komandoko ustezko kideak atxilotu zituztenean.