FInalera heltzea ez da erraza izan Larrinagarentzat. Itzubaltzetarrak sufritu zuen lehenengo kanporaketan, eskarmentu handia duen Mirandako Kevin Baldospino boxeolariaren aurka. Finalerdian, berriz, Saul Luna ezkertiarraren arriskua ikusirik, Larrinagak teknikaz erantzun zuen eta joko hotza erabiliz aurre egin eta garaitu zion.
Ibon Larrinagak 25 urte ditu, bost urte daroatza boxeoan eta Euskadiko bere bigarren txapela lortu zuen iaz, Sebastian “Latigo” Perezen aurka. Lesio batek kendu zion Espainiako txapelketetan podiumean sartzeko aukera. Larrinaga burutsua da, diziplinatua eta sufritzen ere badaki.
Esteban Jimenez
Judimendiko ring-aren beste aldean, Jimenez izango du Larrinagak. Gasteiztarra jatorri dominikarrekoa da eta, 19 urtegaz, eskarmentu gutxiago dauka. Finalera heltzea ezustekoa da, baina pisuzko arrazoi bat ere badu: gogor jotzen du. Horrela, lehenengo fasean Xabier Burgueño Gipuzkoako txapelduna KO utzi zuen, eta finalaurrekoetan Ionut Baluta Errumaniako selekzioko kide ohia birritan bota zuen olanara.