Uholdeetatik babesteko lanak hasi dituzte Algortako Fadura aldean

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 21a, 16:29

Frontoietara joateko zubia eraitsiko dute laster.

URA Uraren Euskal Agentziak uholdeei aurre egiteko lanak hasi berri ditu Algortako Faduran, Larrañazubi eta Salsidu arteko Gobela ibaiaren tartean, hain zuzen ere. Lanok bukatzeko 12 hilabete beharko dituzte. Lehenengo hilabeteetan Fadura kiroldegiko zerbitzuak desbideratu eta behin-behineko pasabide bat jarriko dute, gaur egun frontoietara sartzeko zubia eraitsi eta berria eraikiko baitute. Obra denak egiteko 2,6 milioi euroko aurrekontua dago.

Itzubaltzeta/Romoko Errekaganeko eta Fadurako lanak burutu ostean, 100 urteko itzultze aldiko ur-goraldien ur-laminak hartuko duen maila nabarmen jaitsiko dela iragarri dute. Gobelan lanok egin aurretiko egoerarekin alderatuta, ur-laminak 1,44 metro behera egingo du gutxien jaisten den eremuetan; gehien jaisten den horietan, berriz, 2,28 metro egingo du behera, URAko arduradunen arabera. "Ondorioz, herriguneko eremu zabalak ur-goraldi horietatik at geldituko dira".

Lanen eragina Fadurako kiroldegian

Datozen hilabeteotan egingo dituzten obrek hainbat kirol ekipamendu eta aparkalekutan eragina izango dute. Izan ere, lanok daborduko lehenengo afekzioa izan dute zirkulazioan eta Getxo futbol taldearen zelaiko eta kiroldegiko frontoietako aparkalekuetan. Hori dela eta, ahal den neurrian, Fadurara joateko ibilgailuak ez erabiltzeko deia egin dute Getxo Kirolakeko arduradunek. Halaber, padeleko kanpoko hiru zelai zerbitzuz kanpo uztea aurreikusi dute.

Gobela ibaiko ubideratze obrak aurrera egin ahala, Getxo Kirolakek informazio zehatza eskainiko du behin-behineko neurriei eta erabiltzaileei proposatutako hautabideei buruz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun