Getxoko Berdintasunerako III. Planak aurreikusitako ekintzen %67 burutu dute

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 27a, 13:30

Martikoena kaleko 16 zenbakian dagoen eraikinean dago Jabekuntza eskola. © Getxoko Udala.

Getxoko Udalak 2011-2014ra bitartean aurrera eramandako Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako III. Planaren ekintzen burutzapen maila %67,2koa izan dela eta ekintzen beste %10 egiteko fasean daudela azaldu dute arduradunek. Argitu dutenez, Osasuna, Gizarte eta Kultur Inklusioa, Komunikazioa, Kirola eta Lankidetza arloek izan dute burutzapen maila handiena; Hezkuntza, Enplegua, Hirigintza, eta Ingurumen eremuek, berriz, betetze maila txikiagoa izan dute.

Berdintasunerako plan hori udalerriko hainbat eragileren partaidetzagaz diseinatu zen, besteak beste. Hala, Udaleko teknikari eta politikariez gain, 36 herritarrek ere parte hartu zuten.

Emandako datuen arabera, osasun-arloa izan da egindako ekintzen kopuru handiena (%84,6) bete duena, eta horri oraindino garatzen dabiltzanak gehitu beharko zaizkio, %92,3ko mailara heldu arte. Hoberen baloratutakoen artean daude emakumezkoak osasunaren gainean duten auto-ezagutza eta auto-kudeaketa indartzera Jabekuntza Eskolan zuzendutakoak eta aholkularitza, informazio sexualaren udal egoitzan. Gainera, ekintza batzuek beste entitate batzuekaz lankidetza-harremanak sendotzea ekarri dute eta baita erantzunkidetasuna sustatzea ere.

Gizarte inklusioan (ekintzen %76,5 eginda edo egiteko fasean) herritarrei zuzendutako komunikazio bideak sendotu ei dira; emakumezko immigranteak artatzeko eta urritasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko ekintzak eraman dira aurrera, besteak beste.

Hezkuntzaren arloan aurrerapen esanguratsuak lortu omen dira, berbarako, tratu txarrak atzeman eta prebenitzeko ekintzak, sentsibilizazio programak Gaztelekuan, aisialdi-jarduerak eta ikastetxeetan heziketa-programak (adibidez, "Eraldatzen" eta "Berandu ez heltzeko") egin dituzte.

Emakume eta Gizonen egoeraren diagnostikoa eta Berdintasunerako IV. Plana

Hori guztiaz gainera, Udala udalerriko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko azterketa egiten dabil, Berdintasunerako IV. Planari begira lehentasunezko arloak identifikatzeko. Hori bukatutakoan, plana diseinatzen hasiko dira, eta horretarako metodologia parte-hartzailea abiaraztea "garrantzitsua" dela uste dute arduradunek. "Garrantzitsua da Getxoko Udala 2004. urteaz geroztik sustatzen ari den Berdintasunaren aldeko politika, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko estrategia politika gisa", azaldu du Keltse Eigurenek, Berdintasunerako zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun