Algortari bira emango diote domekan, 30. aldiz

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 27a, 18:56

Iaz, 458 atletak parte hartu zuen krosean. © ITXARTU TALDEA

Itxarturen krosak 30 urte beteko ditu domeka honetan. Lasterketa mistoak hamar kategoria izango ditu, adinaren araberakoak, 330 eta 5.500 metro bitartekoak.

Itxartu Taldearen krosa Algortan egingo da, hilaren 31n, domekan.  Ohi legez, Algortako batzokitik irten eta bertan amaituko da proba. Kategoria beheko lasterkariek Algortako etorbideko zirkuitu bati bira emango diote. Nagusienen kasuan, ordea, Zabala, Torrene, Mariandresena eta Telletxe zein Algortako etorbidea kaleetan barrena korrika egin beharko dute. Ibilbidea 2010ean jaiotakoek zein gazteagoek estreinatuko dute, goizeko 11:00etan, Algortako etorbideko zirkuituari bira erdia (330 metro) emateko. Ondoren, zirkuitu berean jardungo dute benjamin-aurrekoek (500 metro), benjaminek (500), kimuek (1.000) eta haurrek (1.500). Goizeko 11:45ean, zirkuitu zabala irekiko dute 2001ean jaiotako kadeteek; 2.200 metro bete beharko dituzte. Haien ostean, gazteek eta beteranoek korrika egingo dute, 3.300 eta 4.400 metroko distantziak hurrenez hurren betetzeko.

Azken kategoria, seniorrena, 12:30ean abiatuko da. 5.500 metroren ostean, lasterketa 13:00etarako amaituta egotea espero dute antolatzaileek. Krosaren ostean, Itxartu Taldeak sariak banatuko ditu, eta Getxo Kirolak emandako opariak zozkatuko ditu. Gainera, behe-mailako korrikalari txikiek gutxienez domina bana jasoko dute. Era berean, parte-hartzaile denek euren zirkuitua bete ostean ogitartekoa eta edaria jasoko dituzte.

Izen-ematea

Izen-ematea doan egin daiteke Internetez, zein Kantxa Kirol Moda eta Gaztañaga kirol-arropa saltokietan, egueneko 24:00ak arte. Halere, lasterketaren egunean, urtarrilak 31, inskripzioa egiteko aukera egongo da Algortako Batzokiko patioan, norberaren lasterketa hasi baino ordu erdi bat lehenagora arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun