Edmond Rostandek idatzitako Cyrano de Bergerac helduei zuzendutako drama abiapuntu hartuta, Olga Margallok eta Antonio Muñoz de Mesak idatzi dute umeei moldatutako ikuskizun hori, XX. mendeko New Orleansko jazz-eskola batean kokatuz. Jakina, gatazkak xumeak dira, adin horretako ikusleentzako ulergarriak, baina bertsioari eta jatorrizko lanaren espirituari eutsi diete. Vaivenen bertsio horretan, Cyranok eta Roxanak izango dute euren maitasuna bizitzeko abagunea. "Txikiei eta euren senideei zenbait balioz hitz egin nahi genieke: taldeko lana, ahaleginaren balioa, sentimenduak sortu eta adierazteko musikak duen balioa, koherentziaren garrantzia, ametsen alde borroka egitea...", azaldu dute Vaiven antzerki-taldeko kideek.