Udalbatzak zazpi mozio onartu ditu, "testimonio-izaeragaz"

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 28a, 17:20

Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, artxiboko irudian.

Guztira, bederatzi mozio onartu zituen atzo Getxoko Udalbatzak. Horietatik, hiru PPk proposatu zituen, beste bi GUK taldeak, eta gainontzeko laurak EH Bilduk. Popularrek eta EH Bilduk aurkeztutako proposamen banatan, EAJ eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldeak transakzio-emendakina aurkeztu zuen eta oposizioko taldeek onartu. Kontuak hala, Udal Gobernuak "testimonio-izaera" besterik ez zien onartu beste zazpi mozioei.

Udal Gobernuak aurrera eroango dituen mozioak

PPgaz adostutakoaren arabera, Udalak honako ekimenak garatuko ditu: Gobela ibaia bideratzeko lanen ondorioak gutxitzeko eragina jasan duten Fadurako instalazioetan beharrezko neurriak hartzea; frontoi, atletismo, errugbi eta teniseko inguruetan eman beharreko zerbitzuen eta instalazioen planifikazioa egitea; eta Getxo Kirolak erakundeari aurrekoa lortzeko beharrezko materialak eta pertsonak lortzea.

Era berean, EH Bilduk gobernu-taldearen mozio transakzionalaren testua onartu zuen ostalaritzan iturriko ura erabiltzeko proposamenaren gainean. Hala, udalerriko tabernetan eta jatetxeetan iturriko ura erabiltzea sustatzeko kanpaina martxan jartzea adostu zuten, plastikozko ur botilen erabilera murrizteko, besteak beste.

Azkenik, koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, Algortako Arene Azpi kaleko zati bat oinezkoentzat bihurtzeko aurkeztu zuen proposamena bertan behera utzi zuten, osoko bilkuraren hasieran euren eskakizuna aldez aurretik onartu baitzen.

Udalbatzak eztabaidatutako beste mozioak

PPren bigarren mozioak osoko bilkurak zuzenean eskaintzea eskatu zuen, Periscope bidea iradokita. GUK taldeak, halaber, Youtube sistemaren bidez egitea eta ezinduentzat azpitituluak eskaintzea gehitu zuen. Popularren hirugarren mozioak ahalik eta lasterren komun publikoen sarea ezartzeko eskatu zuen.

GUK taldeak aurkeztutako bi mozioei dagokionez, lehenengoak udalerriko argiztapen publikoan kontsumitzen den energia elektrikoa jatorri berriztagarrikoa izateko eta Udalak Udaltzaingoaren ibilgailuak berritzeko erosiko dituen lauetatik gutxienez bat %100 elektrikoa izatea eskatu zuen, Getxoko kutsadura murrizte aldera. Bigarrenak berriz, udal webgunea ikusi-minusbaliotasuna dutenentzat egokitzea (sail guztiak entzumen-irakurketara egokituz) eta osoko bilkurek azpitituluak izatea eskatu zuen, entzumen-urritasuna dutenek ulertu ahal izateko. Ildo horretan, gobernu-taldearen arabera "Examinator.WS" programak (unean uneko irisgarritasuna ebaluatzen duena) 8,8 puntuazioa eman dio udal-webguneari. ONCEk, berriz, 6,7 eman dio.

Atzoko osoko bilkuran EH Bilduren lau mozio ere onartu ziren. Horietako batean, EAEk bere mendien eta basoen arautze osoa ezartzeko eskuduntza esklusiboa izatea eta "espekulazio-suteei atea zabaltzen dien" 21/2015 Legea egokia ez dela aldarrikatu zuten, "gure basoak eta mendiak arriskuan jartzen dituelako".

Koalizio abertzalearen eskariz ere Getxon armada espainolak egindako maniobrak errefusatu zituen Udalak, udalerri antimilitarista eta bakezalea aldarrikatuz.

Onartutako EH Bilduren hirugarren mozioak Getxon edota Bizkaian errefuxiatuakaz lan egiten duten elkarteakaz harremanetan jartzeko eta errefuxiatuen beharrei aurre egiteko lan-ildoa ezartzeko adostu daitezkeen jardueretarako finantziazioa eskaintzea eskatu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun