Liburuak ezagutarazteko eta irakurleak erakartzeko, filmetako trailerren antzeko teknikak erabiltzean datza Book Trailer lehiaketa. Lanak minutu inguruko iraupena izaten dute eta Interneten bidez hedatzen dira.
Gehienez hiru pertsonako taldeek har dezakete parte, eta aurten, aurrekoetan ez bezala, ez da derrigorrezkoa izango gutxienez taldekide bat Getxon erroldatuta egotea. Hala, lehiaketa Euskal Herri osora hedatu gura dute.
Lanak bidaltzeko epemuga apirilaren 15a izango da, eta honako helbide honetara igor daitezke: sardadilakalabazan@gmail.com, bideoak Youtuben eskegi eta lotura e-mailez bidalita. Ondoren, maiatzaren 8an sari-banaketa egingo dute; bertan, euskara eta euskal kulturaren alorreko hiru kidek osatutako epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu.
Irabazleek tableta bana izango dute sari, bigarrenek abentura kamera bana lortuko dute eta hirugarrenek eskola materiala erosteko 50 euro. Halaber, publikoaren saria ere emango dute. Maiatzaren 6rarte bideoak bozkatzeko aukera egongo da Internet bidez eta sari horren irabazleek Lauren Getxo zinemetara 8 aldiz joan ahal izateko bonua lortuko dute.
Martxoan zehar Kalabazan Kultur Ekimenak elkarteko kideek lau tailer eskainiko dituzte, gazteei Book Trailerra egiteko tresnak ezagutarazteko eta sortu ahal zaizkien zalantzak argitzeko. Tailerrak Getxoko Gauegun gaztelekuan izango dira. Datak eta orduak elkartearen webgunean argitaratuko dituzte.
Oinarri denak, eta Book Trailerra egiteko jarraibide eta ideiak, Kalabazan.com webgunean daude eskuragarri.
Kalabazan kultur ekimenak
Kalabazan Kultur Ekimenak sortu zuten Irati Astobietak, Jone Ibarretxek eta Garazi Basterretxeak 2013. urtean, ikus-entzunezko komunikazioa, artea, euskara eta literatura esparruetan aritutakoak. Urte horren bukaeran Getxoko Udalak egindako Wanted (Gazteen ekimen berritzaileak saritzeko sortua) lehiaketa irabazi zuten, Book Trailer lehiaketa proiektuagaz.
2014. urritik abendura, Getxoko I. Book Trailer lehiaketa antolatu zuten, gazteen artean arrakasta handia izan zuena; 34 bideo aurkeztu ziren, 90 parte-hartzaile inguruk egindakoak.
2015. urtarriletik aurrera, Kalabazan ibiltaria proiektuagaz Txile, Argentina eta Uruguain izan ziren, Book Trailer, Bideopoesia eta Olerki xuxurlatua proiektuen bidez, euskara eta euskal kultura zabaltzen.
Aurtengo lehiaketa Kalabazan Kultur Ekimenak elkarteak Getxon antolatzen duen bigarrena izango da; eta oraingoan Udal Liburutegiaren, Euskara Zerbitzuaren eta Gazteria Zerbitzuaren laguntzaz.
Elkarte horren helburu nagusiak dira artea eta kultura sustatzea, gazteen artean, eta, era berean, euskararen erabilera bultzatzea hizkuntza hori neska-mutilen esparruetara hurbilduz. Horretarako hainbat ekintza sortu gura dituzte: tailerrak, berbaldiak, sariketak...