Klubentzako Espainiako VI. Iraupen Txapelketa Sevillako Guadalquivir ibaian egin zen domekan, urtarrilak 31, kadete, gazte eta absolutuen kategorietan, skiff (1x) eta lemazain gabeko biko (2-) ontzien modalitateetan, Espainiako Arraunketa Federakundeak antolatuta. Elkarte areetarrak 17 arraunlari, neska eta mutil, eroan zituen Sevillara.
Virginia Diazek 25.30,30 denboran egin zituen distantzia luzeko estropadako 6.000 metroak, eta garaipena lortu zuen. Atzean geratu ziren Nuria Dominguez Robaleira arraun-elkartekoa, 25 bat segundora, eta Rocio Lao Sevillako itsas-elkartekoa, 26.47,67 kronoagaz. Denera, txapelketan 343 kirolarik parte hartu zuten, 281 ontzitan, aipatutako modalitateetan.
Diazek egindako estropada handia eta lortutako balentria biribiltzeko, aurreko egunean txapeldunorde izan zen Espainiako XV. Arraun-ergometroko Txapelketan, Sevillako Tomares herrian. 2.000 metroko proban, gainera, Virginiak bere marka onena ondu zuen, kronoa 6:59an lotuta.