Getxoko EH Bilduk udalerrian dagoen etxebizitza arazoari egiteko hurrengo proposamen zehatzak helarazi dizkio gobernu-taldeari:
- Etxebizitza Udal Bulegoa sortzea.
- Getxon dauden sustapen publiko zein pribatuetako babestutako etxebizitzen erregistro edo datu basea, eskatzaileen erregistroa eta horien kontrola bermatzea.
- Udalak "cohousing" edo kolaborazio-etxebizitza bat egin dezala berehala egitekoa den exekuzio-unitate batean.
- Alokairurako diru-laguntza lerro bat zabaltzea (bereziki gazteentzat).
- Udalak promotore-lana egitea eta etxebizitza pribatuak udal ondare bihurtzea.
- Eraikinen Ikuskapen Teknikoak egiteko diru-laguntzak eta horiek behar bezala egiten direla bermatzeko kontrola.
- Etxe hutsen errolda (legeak dioen irizpideakaz).
Etxe huts "ugari" dago Getxon
Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, udalerrian etxe huts "ugari" dago, baina Udalak ez du inolako ekintzarik zein plangintza zehatzik garatu horiek alokairu-merkatura ateratzeko, "ezta zehatz-mehatz zenbat etxebizitza huts dauden jakiteko ere".
Era berean, udalerriko auzokide ugarik Getxon etxebizitza bat eskuratzeko "diru nahikorik" ez dutela ohartarazi du EH Bilduk. "Errealitate bat da askok etxebizitza merkeagoen bila beste udalerri batzuetara alde egiten dutela". Izan ere, emandako datuen arabera, Getxon, batez besteko etxe-alogera lanbide arteko gutxieneko soldata baino garestiagoa da. Ondorioz, herritar askok, "gazteak batez ere", ia ezinezkoa dute gurasoen etxetik alde egitea. Hori dela eta, udalerrian alokairuzko babes-etxeen parke publikoa egitea "beharrezkoa" dela uste du EH Bilduk.
Koalizio abertzaleak ohartarazi duenez, azken urteotan "oso gutxi" izan dira Getxon bultzatu diren babestutako etxebizitzak; "hala, ekimen pribatuaren menpe utzi dute oinarrizko eskubidea dena", salatu dute. Gainera, babes ofizial gisa egindakoak alokairuzkoak ez direla salatu dute, "garesti erostekoak baizik". Horren ondorioz, jakinarazi dutenez, azken urteetan BOE bat zozketan lortu dutenen "%60 baino gehiagok" uko egin behar izan dio aukera horri, "bitarteko ekonomiko nahikorik ez baitzuen". Egoera hori ikusita, etxebizitza eskubidea "luxua" bihurtu dela gogor salatu du EH Bilduk, "eta diru egiteko negozioaren pean dago Getxo".