Proiektuen inguruan berba egiteaz gainera, dantza egiteko, jateko, edateko eta antzerkiaz gozatzeko hitzordua ere izango dela iragarri dute. "Ondo pasatu nahi dugu, elkar hobeto ezagutu, eta inguruko artistek ere euren artean elkar ezagutu dezaten", azaldu dute antolatzaileek. Hala, 19:00etan ipini dute lehenengo hitzordua, Algortako Telletxe plazan.
Bertatik ibilbide bat abiatuko dute, Maite Mentxaka artistak gidatuta, lokal baten beharraren inguruan eztabaidatzeko. Ostean, 20:00etan Getxo tabernara joango dira, eta bertan Laurita Siles, Rafa Anduiza, Ainhoa Ortells eta Jose Fernandez artistek euren proiektuak aurkeztuko dizkiete bertaratuko diren guztiei. Ondoren, bideo-proiekzioak eta kontzertua egongo dira, besteak beste.