Natalia Monge: "Ikusleengana heltzen eta horiek hunkitzen saiatzen gara beti"

Kepa Ugarte Martiarena 2016ko ots. 22a, 12:00

Natalia Monge Gomez algortarra da Organik dantza- eta antzerki-konpainiaren zuzendaria eta koreografoa; dantzan ere egiten du batzuetan. 2002an sortu zuen, Amsterdamen ikasketak egin ostean. Organik taldeak otsailaren 12an aurkeztu zuen lehenengo aldiz "Irrintzi" izenburuko bere azken lanaren aretoko bertsioa, Sopelako Kurtzio kultur etxean; ikuskizuna Baionako kaleetan estreinatu zuten iazko irailaren 26an, Dantza Hirian jaialdiaren barruan.

Nondik datorkizu dantzarako grina?

Betidanik izan dut oso harreman estua nire gorputzarekin. Txikitatik ibili naiz gimnasia txapelketetan; oso serio hartzen nuen. Izan ere, adierazteko modutzat hartu izan dut beti gimnasia; beste eskoletara joan arren, entrenamenduak ziren garrantzitsuena niretzat.

Horrenbestez, argi zeneukan. Zure ikasketak horretara bideratu zenituen.

Hala da. Garaia heldu zitzaidanean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza Fisikorako Euskal Institutuan ikasten hasi nintzen; bertan, beste esparru eta kirol batzuk ezagutu nituen. Dantza egiten ere hasi nintzen unibertsitate-garaian; inprobisazioaren munduaz jabetu nintzen orduan.

"Nahi duzun bezala mugi zaitez" esan zidaten lehenengo aldian "hori zelan egiten da?" pentsatu nuen; izan ere, gimnasian zein kirol-munduan dena dago nahiko estandarizatuta. Inprobisazioa ezagutzea sekulakoa izan zen niretzat. Ordutik aurrera, ikastaroak egiten hasi nintzen, eta, denbora gutxira, txiki geratu zitzaidan Bilbo!

Herbehereetaraino joan zinen koreografia-ikasketak egin ahal izateko.

Bai. Amsterdameko School for New Dance Development zentroan audizioa egin nuen, eta hartu egin ninduten; 1998tik 2001era bitartean egon nintzen bertan Konposizio Koreografiko ikasketak egiten. Gimnasta nintzenean, neuk aukeratzen nuen musika, eta prestatzen nituen mugimenduak. Horrek ez du esan nahi entrenatzailerik ez neukanik, baina sortzeko grina neukan ordurako. Orain, batzuetan dantzariaren rola bete arren, nik egiten dut koreografia. Ikuspuntu zabalagoa izatea eskatzen du horrek.

Baina haraino joan behar izatea... Gertuago ez dago horiek egiteko aukerarik?

Oso gai delikatua da aipatzen duzuna... 2015eko irailean martxan ipini zen Dantzerti izeneko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskola; arte eszenikoen gradua egiteko asmoa daukate. Kontua da 25 ikaslerentzako lekua zegoela, eta 9 bakarrik hartu dituztela. Horrek hainbat zalantza sorrarazten dit; esaterako, hain beharrezkoa baldin bazen, zelan ez da bete? Ez da gai samurra; dantza-munduan sartzeko zein ibilbide dauden begiratzea baino ez dago. Dantza klasikoaren mundutik datozenentzat beti egon da ibilbide zehatz bat; Bizkai aldean badago hamaika ballet-eskola. Baina dantza-garaikidearen munduan, ez dago non ikasi, ezta azterketarik ere.  

Behar hori asetzeko sortu zen Dantzerti. Hala ere, zabaldu dutenean, ez ditu espektatibak bete. Entzun dudanez, aurkeztutako jendeak ez zeukan behar besteko prestakuntzarik... 18 urteko dantza-ikasle bati bakarkako pieza bat eskatzea ez dakit nik neurrizkoa denik. Ez dut esan nahi adin horrekin ezin denik egin, baina baldintza asko beharrezkoak dira; besteak beste, lekua behar du hori prestatzeko.

Egia da ni ez nintzela joan Amsterdamera dantzari izateko asmoz; koreografia ikastea zen nire helburua. Adibididetzat edo, han askoz errazagoa zen lan bat zuzentzea, hemen baino; dantzariak, behar tekniko guztiak eta espazioa han baneuzkan. Ez dut esango hemen topa ezin daitezkeenik, baina askoz zailagoa da.

Baina, Dantzertiko irakasle izateko aurkeztu zinen...

EHUn lan egiten dut, baina ez daukat lanpostu finkorik. Etorkizunean bertan lanik izango dudan ez dakidanez, Datzertiko irakasle izateko aurkeztu nintzen. Hala ere, ez ninduten onartu. Berdin zitzaien Heziketa Fisikoan lizentziaduna, Konposizio Koreografikoan diplomaduna eta doktoretza bat izatea; kontserbatorioko tituluren bat behar nuen bertan eskolak emateko. Hala, iaz Madrilen musika-eskola bateko ikasketak amaitu zituen 18 urteko pertsona batek aukera gehiago dauzka nik baino Dantzertiko irakasle izateko; eszenan inolako esperientziarik eduki ez arren, eskolak eman ditzake. Gure lanbidean zalaparta handia sortu du horrek.

Zelan hartu zenuen 2014an Aixe Getxo! saria jaso izana, Arte Eszenikoen alorrean?

Ezusteko handia izan zen; izan ere, guk egiten duguna ez da kontu batere ezaguna, nahiz eta urte mordoa eraman dantza abstraktua lantzen. Noizbait zabaltzen badute, Getxo Antzoki berri horretan erresidentzia artistikoa izatea da nire ametsetako bat, baina hori aipatzean, entzungor egiten dute udal agintariek. Bada, ez da udalerrian dantza-konpainia asko daukagulako izango! Ezetzak baino ez ditugu jasotzen, gehienetan. Nerabeekin euskaraz egin nahi genuen proiektu bat aurkeztera joan nintzaien. eta, beti bezala, dirurik ez dagoela esan zidaten.

Normaltasunez ikusten dut jendeak askotan ez ulertzea egiten dugun dantza-estiloa, baldin eta herrian, kultur arloan, hezkuntzan... ez badugu horren gaineko informaziorik jasotzen.

Organik dantza-taldearen zuzendaria zara. Zelan sortu zen konpainia sortzeko ideia?

Amsterdametik heldu bezain pronto, diru-laguntzak eskatzen hasi nintzen, produkzioren bat sortzeko asmoz. Horretarako, bi aukera dauzkazu: autonomoa izan edo dantza-taldea sortu. Organik 2002an sortu genuen, baina gehienbat 2007tik dabil lanak maila askoz profesionalago batean egiten.

Zer ezaugarri dauka Organikek?

Zalantzarik gabe, mugimendua da Organiken oinarria; baina, horrekin batera, ni beti saiatzen naiz ikusleengana heltzen, horiek hunkitzen... Emozioak lantzeko niri interesatzen zaidan gai batetik abiatzen naiz, eta taldearekin partekatzen dut; interesgarriena da zelan ateratzen diren hasierako ideia horrekin zerikusia daukaten beste zertzelada batzuk.

Freskotasuna da beste ezaugarrietako bat. Jakin badakit zaila izaten dela dantza-garaikidean aditua ez den batentzat plazaratzen ditugun produkzioen haria hartzea hasiera batetik; baina, heltzen da momentu bat non ikusle guztiengana heltzen garen. Umorearen bitartez lortzen dugu; askotan testuari lotuta doa umorea.

Zer aurkituko du "Irrintzi" ikustera doanak?

Alde batetik, azken bolada honetan interesatuta egon naiz euskal kulturarekin zerikusia daukaten gaiekin: herri-kirolak ziren "Txapeldun" (2014) obraren abiapuntua; horren aurretik egin genuen "Ahariak" (2012). "Irrintzi" ikuskizunari dagokionez, oihu horiek zeukaten komunikatzeko gaitasunak liluratu ninduen. Izan ere, irrintziak ez ziren gaur ezagutzen dugun moduan bakarrik erabiltzen, alaitasuna adierazteko.

Eskualdean barrena ikertzen ibili ostean, jakin izan dugu, besteak beste, larritasuna adierazteko irrintziak zeudela; esaterako, erditzeko behi batek arazoak zituela adierazteko. Gaur egun, jai-giroan, poztasuna adierazteko horiek baino ez ditugu ezagutzen. Hori dena gogoan izanda, irrintziak entzuten ari denarengan sortzen duen alaitasuna da gehien gustatzen zaidana.

Esan daiteke irrintziaren irakurketa-garaikide bat egin duzuela?

Bai. Alde batetik, musikaren bitartez landu dugu; eta bestetik, gorputzarekin. Begiak itxi eta irrintzia botatzen dudanean, emakume zaharra etortzen zait burura; Helena Golab eta biok adineko andreak bagina bezala agertzen gara obraren hasieran. Kontuak horrela, mugimenduen bitartez ere irudikatzen dugu rol hori; bibrazio txikien bitartez, alegia. Obraren ataletako batzuk oso emozionalak dira: oso astiro eta tentsio handia islatuz mugitzen hasten gara; musikak ere laguntzen du sentsazio hori sortzen. Baina konposizioa modu oso abstraktuan hasi arren, pixkanaka sentimenduak azaleratzen dira. Irrintzien bidezko elkarrizketa bat egiten amaitzen dugu.

 

Biografia

Natalia Monge 1972an jaio zen. Gimnasia erritmikoko Espainiako entrenatzaile titulua dauka, eta Heziketa Fisikoan lizentziaduna da. Konposizio Koreografikoan graduatu zen Amsterdameko School for New Dance Development zentroan (1998-2001). Gainera, Circus Wonder konpainiagaz dantzan ibili zen Herbehereetan, Belgikan eta Frantzian.

Koreografo Gazteen IV. Mostran saritu zuten "d´k´me hablas…?" lanagaz. Hastapenetan, "360 grados" bakarkako lana (Amsterdam, Bilbo, Portugal) eta "Summer camp" (Amsterdam) konposatu zituen. Bestalde, Alemaniako hainbat dantza-piezatan parte hartu du, baita inprobisazioetan eta ikus-entzunezko lanetan ere. Autor Fundazioaren beka jaso zuen (Berlin, 2002). Sortzaile-lana eta irakaskuntza uztartzen ditu; institutuetan eta Euskal Herriko Unibertsitatean ematen ditu eskolak. Arte Ederren Fakultateko doktore da, "La danza de las emociones de Alain Platel" izenburuko tesiari esker.

Organik taldea 2002an sortu zuen Mongek, beste batzuekaz batera; orduz geroztik zuzentzen du. Hastapenetan, "Tellagorri" eta "Tellagorri BI" kale-ikuskizunak sortu zituen (Algortako Saninazioak, 2002-2003). Ondoren etorri ziren "ES3IN" (2004), "+ES3" (2007), "Malditas" (2008), "Ahariak" (2012), "Txapeldun" (2014) eta "Irrintzi" (2015). Areto barrurako, berriz, "Tu o yo" (2003), "Serie Impros" (2006), "Lilas" (2008), "Maniatic@s" (2010) eta "In corpore sano" (2012) sortu zituen algortarrak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun