Movistar taldeak baieztatu duenez, txirrindulariak hautsita ditu seigarren lepo ornoa eta ezkerreko kubitua. Castroviejo Malhaoko helmugatik taldeko ibilgailuak aparkatuta zeuden tokirantz bizikletaz jaisten zebilela, ikusle bat errepidean sartu zen, eta haren kontra egin zuen talka.
Istripua izan ondoren, Faroko Ospitalera eroan zuten, ezker besoan eta lepoan mina zuela. Medikuen probek baieztatu egin zuten diagnostikoa: haustura, seigarren lepo ornoan eta kubituan. Ospitalean dago oraindino, medikuen txostenen zain, eta horren arabera erabakiko dute Euskal Herrira noiz eroango duten bueltan.
Istripuak Movistarren balantzea ilundu du. Taldeak emaitza ona lortu zuen sailkapen nagusian, Ion Izagirreri esker. Ormaiztegiarrak bigarren postuan amaitu zuen, Sky taldeko Geraint Thomasen atzetik.