Berbaldiak
Hitzaldiek honako gai hauek izango dituzte hizpide: gazte-boterea, burujabetza, autogestioa, Euskal Estatuaren eraikuntza, independentzia, amnistia, Ipar Euskal Herriko errealitate instituzionala, internazionalismoa, Euskal Herria Zuzenean festibala, elikadura-burujabetza, gazteek bizi duten prekarietatea, komunikazioa, hezkuntza, drogak, euskalgintza, kirola eta geopolitika, besteak beste.
Horretarako, hainbat lagun gonbidatu dituzte berba hartu eta eztabaida sustatzera, hala nola CUPeko Anna Gabriel, Eskoziako hautagaia den Cat Boyd, Jule Goikoetxea eta EH 11 koloreko lagunak.
Tailerrak eta kultur eskaintza
Ekintza praktiko mordoa ere egongo dira aukeran: zirkua, josten ikasteko saioa, samurtasun-tailerra, serigrafia eta txantiloiak egiten ikastekoak, "ideiatik formara" sorkuntza-prozesua, rap- eta sendabelar-tailerrak, antzerkia, tratu onak, sormen-prozesu kolektiboa eta abar.
Kultur eskaintzari dagokionez, "Ez da kasualitatea" bertso-saioa, "Erractus" poesia-saioa, espetxearen inguruko poesia-emanaldia, "Marx attacks" antzerkia, African dance, zumba euskaraz, agro-olinpiadak, Lekeitioko Deabruak, Joseba B. Lenoir eta Olatz Salvador, elektrotxarangak, Aiaraldea Sound System, Electroswing, "performance"-ak eta beste hamaika gauzaz gozatzeko aukera egongo da.
Kontzertuak
Musika eskaintzari dagokionez, gune nagusi bi egongo dira aurten. Oholtza gainean bakerik ez! ekimeneko 27 talde igoko dira eszenatoki bietako batera, eta parte hartu duten beste hainbatek herrian zehar jarriko diren bestelako gune batzuetan jotzeko aukera izango dute.
Beste karpan, aldiz, honako hauek joko dute: Esne Beltza, Afu, Gatibu, Norte Apache, McOnak, Blaka, Sorkun, Non Servium, Arkada Social, Juantxo Skalariak, Ken Zazpi, Gose, Pixontxis, Belako, Las Tea's Party eta Xutik.