Zaborraren %2 gehiago bereizita batu zuten iaz getxoztarrek

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 25a, 11:53
Hainbat hondakin pilatuta Getxoko edukiontzi batzuetan.

Iaz Getxon birziklatzeko asmoz selektiboki batu ziren hondakinen kopurua %2 handitu zen, Ingurumen Arloak agindutako urteko balantzean jasotako zenbakien arabera. Hala, 2015ean udalerrian sortutako hondakinen kopurua, guztira, 29.233 tonakoa izan zen (kopuru horretan ez dira hondartzetan batutako hondakinak sartzen).

Udalak emandako datuen arabera, getxoztar bakoitzak 366 kilo hondakin sortu zituen iaz, "krisi ekonomikoa nabaria zenean baino kopuru handiagoa", azaldu dutenez.

Bildutako 29.233 tonetatik %76,90, hau da, 22.487 tona inguru, jatorrian bereizten ez diren eta "Foru Aldundiaren eskuetan modu egokian tratatzeko uzten diren hondakinak" ei dira. Gainontzeko %23,10, hau da, 6.745 tona pasatxo, birziklatzeko hondakinak izan ziren (papera, beira, ontziak, pilak, hondakin handiak...).

Datu guzti horiek adierazten dutenez, %2 inguru handitu zen birziklatzeko hondakinen gaikako bilketa 2015ean, neurri batean Udalak birziklapenean beste hiru elementu gehiago sartu zituelako: inausketa hondarrak, etxean erabilitako olioa eta arraina; hala, sortutako hondakin guztien %1,5 suposatu zuten hiru horiek (442.600 kilogramo inausketa hondar, herri lorategietan ongarri gisa berrerabiliko dutenak; 10.169 kilogramo olio bi hilabetetan, biodiesel gisa erabiltzeko; eta 10.820 kilogramo arrain lau hilabetean, industrian erabiltzeko irina egiteko).

Jose Luis Landa Ingurumen zinegotziaren iritziz, "2015ean bildutako hondakinen kopurua handiagotu egin zen aurreko urteakaz alderatuta, modu arinean handitu bazen ere. Aldi berean, baina, ezabatzekoak diren hondakin gutxiago bidaltzea lortu dugu, birziklagarriak diren hondakinen kopurua %2 handitu baita. Zerikusia ere badu horretan iaz beste hiru elementu berri sartu ditugula birziklatzearen atalean: inausketa hondarrak, etxeko olioa eta arrandegi eta supermerkatuetan atez ate batzen diren arrain hondakinak".

Imanol Landa alkateak azaldu duenez, "datu horiek gure konpromisoa berresten dute, hots, gaikako bilketa eta birziklatzearen alorrean lanean jarraitzeko eta datozen urteetan hondakin birziklagarrien bilketan %50era iristeko konpromisoa". 

Birziklatutako materialak

Birziklatzeko gai nagusiei dagokienez, hau da, papera-kartoia, beira eta ontziak, lehenengoak %5,46 egin zuen behera, eta azken biak, aldiz, %8,62 eta %0,22 handitu ziren, hurrenez hurren, aurreko urteagaz alderatuta.

Aurreko urteagaz alderatuta, birziklatzeko diren hondakinen artean honakoek egin zuten gora: txatarra, asko handitu zen, %555 (167.540 kilogramo); hondakin elektriko eta elektronikoak (Hee), %74ko igoeragaz (50.100 kilogramo bilduta); pilak, %23tik gora (7.420 kilogramo); hondakin handiak, %10 (442.081 kilogramo); eta arropa %3,5 (306.127 kilogramo). Obra-hondakinen bilketa, berriz, %16 inguru murriztu zen (380.260 kilogramo).

Egun udalerrian birziklapenerako eta gaikako hondakin-bilketarako dauden edukiontzi ezberdinen kopuruari dagokionez, ontziena (edukiontzi horia) 244koa da; papera biltzekoa (edukiontzi urdina) 214 dira; beirarena (edukiontzi berdea) 198koa da; pilak batzeko 107 dira, saltoki eta ikastetxeetan banatutakoak, eta beste 19 gehiago kaleetan daudenak; azkenik, 23 dira arropa, jostailu eta etxe-tresna txikiak batzekoak, elizetan, ikastetxeetan, osasun zentroetan,... banatuta daudenak. Horiei gehitu behar zaizkie iazko amaieratik etxean erabilitako olioa batzeko 54 edukiontziak.

Aurreko urteetan bezala, Udalak liburuxka prestatu du 2015eko gaikako hondakin-bilketaren inguruko datu guztiakaz:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun