Getxoko Udalbatzak bere babesa adierazi dio "Kitxu"-ri

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 26a, 11:45

Getxoko Udalbatza osatzen duten zinegotziak, artxiboko irudian.

Eduardo Andrade Getxoko PPko zinegotziak Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso-ohiari Twitter sare sozialean "terrorista" deitu izana gaitzetsi du Getxoko Udalbatzak; EH Bildu udal taldearen aholkulari, lankide eta behin-behineko langilea da. Bere aholkulariaren lana aitortzeko eta Andradek bere adierazpenak erretiratzeko eskatzeko sartu zuen urgentziazko mozioa, azken osoko bilkuran, koalizio abertzaleak. Eztabaida luze baten ondoren, mozioak aurrera egin zuen EH Bilduren eta GUK-en botoakaz. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren, haien arabera, Udalbatza ez delako sare sozialetan egindako adierazpenak epaitzeko gune egokia; halere, sozialistek babes osoa eman zioten "Kitxu"-ri. Ciudadanosek eta PPk, ostera, kontra egin zuten.

Urgentziazko mozioaren inguruko eztabaidan, Eduardo Andradek aitortu zuen Gonzalo Casal terrorista gisa identifikatzen zuen txio bat txiokatu zuela. Popularraren arabera, EH Bilduko aholkularia terrorista izateagatik kondenatua izan zen; hori dela eta, hala identifikatzeagatik barkamenak eskatzea "ezinezkoa" dela esan zuen. "Terrorista deitzea kondenatu bati, esan ahal zaion gutxienekoa da", adierazi zuen: "adjektibo gehiago bururatzen zaizkit, baina ez ditut esango, ongi hezita nagoelako". Horrez gainera, "terroristak, eta eurei lagundu dieten guztiak, pederastak eta bortxatzaileak baino okerragoak" direla adierazi zuen, eta bere arabera, "beti izango dira, kondenatuak izan direnetik hiltzen direnera arte". Hori dela eta, zinegotzi popularrak uko egin zion barkamenak eskatzeari "terrorista bati, ni erail nahi izan duen bati, nire lankideei, epaileei, fiskalei, poliziei, guardia zibilei eta ertzainei... horrelako pertsona bati barkamenak eskatzea ez duzue ikusiko bizitza honetan". Ustez, kalumnia-delitua egin izanagatik, EH Bilduk jarri gura dion salaketari dagokionez, Andradek aitortu zuen ez diola beldurrik horri, "hilketa-mehatxuen ondoren, bizitza putan ez nauzue ikaratuko".

Esandako guztiaren aurrean, Arantza Gutierrez EH Bilduko bozeramaileak bere babes osoa adierazi zion preso-ohiari; "maite zaitut, maite zaitugu, eta asko gara maite zaitugunok". Gogoratu zuenez, koalizio abertzaleak ez du jolasten "gaizto eta onen joko horretara. Garai berrietan gaude, eta batzuek apustu sendoa egin dugu. Tamalez, beste batzuk ez; gorrotoaz elikatzen dira, eta gorrotoak darama mendekura. Zuek zarete gorroto eta mendekuena, ez gu". Azaldu zuenez, Kitxuk zigorra beteta dauka, "nahiz eta batzuentzat badirudien nahikoa ez dela". Hori dela eta, zigorra osotasunean bete duen pertsona bere eskubide zibil eta politiko guztien jabe dela gogoratu ondoren, EH Bilduren aholkulari izateko eskubidea ere aitortu zion.

Jose Luis Landa "Txefo" PSE-EEko zinegotziak ere bere errespetua eta babesa adierazi zion Gonzalo Casali; berbak "mendekutik eta gaitzondotik" egin zituela egotzi zion Andraderi. Egindako baieztapen guztiakaz, "zigorren erabilgarritasunean zein birgizarteratzean sinisten ez duela" aurpegiratu zion popularrari. Halere, ustezko kalumnia sare sozialetan egin izan zirenez, gaia sare sozialetan "eta ez Udalbatzan" landu beharrekoa dela adierazi zuen.

Paula Amieva GUK-eko bozeramaileak, bere aldetik, zinegotzi popularraren "errespetu falta" gaitzetsi zuen. Eta argi utzi zuen iritzi berdina izango lukeela alde batetik zein bestetik.

Osoko Bilkuraren audio osoa; "Kitxu"-ren inguruko eztabaida, 4:48:35 minututik aurrera (© GETXOKO UDALA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun