Galeako olatu handien surf-proba bertan behera utzi dute

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 29a, 17:10

Greg Long Pe'ahi-ko olatu handiaren azpian. © KIRSTIN SCHOLTZ - WSL

Olatu handien Galeako txapelketa bertan behera utzi du Munduko Surf Ligak (WSL) lau hilabeteko itxarote-epea amaituta. Denbora horretan WSLk olatu handien mundu txapelketa aurrera eroateko eskatzen dituen gutxieneko baldintza meteorologikoak ez dira eman. Hala, datorren urtera arte itxaron beharko da munduko surflaririk onenak Galean ikusteko.

Antolakuntzak azaldu duenez, itxaronaldian "gutxienez hiru ekaitz gogor gerturatu badira ere, bai udazkenean nola amaitu ez den negu honetan, ez dituzte ekitaldi garrantzitsu hori aurrera eramateko behar diren baldintzak ekarri. Egia da, zirkuituak ezartzen dituen gutxieneko sei metroko olatuak gainditu direla hainbatetan baina arazoa haizea izan da: haize gogorrak eta ez egonkorrak nagusitu dira, erabat kaltegarriak, Galeako olatuak ongi apurtu eta gara daitezen".

Euskal Herriko eta Kaliforniako hainbat meteorologia-adituk arreta handiz aztertu dituzte uneoro olatu parte guztiak, baina azkenean, WSLk aitortu duenez, "zortea ez da gure alde izan". Horregatik, zuzendaritzak, Galeako "txapelketa ospetsu" horren 10. edizioa bertan behera utzi behar izan du. Azpimarratzekoa da lehenengo aldia dela munduko proba hori ospatzen ez dena; halere, horrelako gertaerak ohikoak dira Olatu Handien Zirkuituan (BWT). Getxoko probagaz batera, AEBetako Oregon Estatuko proba ere bertan behera utzi dute, egun berean.

Natxo Gonzalez, 23. postuan

Galea eta Oregongo probak bertan behera uztearen eraginez, aurtengo Olatu Handien Zirkuitua bere akabura heldu da, Greg Long estatubatuarra eta sailkapeneko burua munduko txapeldun izendatuta. Behin betiko sailkapen horretan bigarrena izan da Makuakai Rothman hawaiarra, iazko Galeako txapeldunordea. Podiuma Billy Kemper hawaiarrak osatu du. Natxo Gonzalez surflari plentziarra 23. postuan geratu da. Gonzalez da BWTn lehiatu den Europako surflari bakarra. Denera, 47 surflarik hartu dute parte eta haietako asko eskarmentu handikoak dira: Grant Twiggy Baker hegoafrikarra, 2013ko munduko txapelduna izandakoa; Ken Collins kaliforniarra, bost alditan XXL sarietan nominatua; eta egungo Galeako txapelduna, Nic Lamb, besteak beste.

Aurtengo BWT

Galeakoa Europako proba bakarra da BWT zirkuituan. Bertan, olatu izugarriak dituzten kostako puntuak batzen dira. Beti ere, "ohiko arraunketa tradizionalean buruturiko surfa" izan behar da; azken edizio honetan, zazpi proba izan ditu, beti legez, ipar eta hego hemisferioetan banatuta. Iazko Galeako txapelketan txapeldunordea izan zen Makua Rothman-ek irabazi zuen aurten hego hemisferioan burututako proba bakarra: Txilekoa. Perukoa eta Mexikoko Puerto Escondidokoa, berriz, ez ziren egin. Urriaren 15ean ireki zen ipar hemisferiorako itxarote epe berria, atzo bukatu zena. Lau probetatik bi suspenditu dira: Getxokoa eta Oregongoa; Mexikoko Todos Santosen eta Hawaiko Peahi ospetsuan, berriz, goi-mailako surfa izan zen. Hawain, surfaren historian inoiz izandako olatu handiko surf txapelketarik ikusgarriena bizi zen.

Antolatzaileek espero dute datorren denboraldian Galeako txapelketaren 10. edizioa egitea eta Getxoko proba "munduko olatu handienen artean beste hainbat urte egotea".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun